Ia sei puntu jaitsi da Idiazabalen euskararen erabilera azken hamabi urteotan: 2002. urtean %69,4k hitz egiten zuen euskaraz kalean, iaz, berriz, %63,5ek. Hala azaldu du Soziolinguistika Klusterrak garatutako euskararen erabileraren kale neurketak. Lan...
Ia sei puntu jaitsi da Idiazabalen euskararen erabilera azken hamabi urteotan: 2002. urtean %69,4k hitz egiten zuen euskaraz kalean, iaz, berriz, %63,5ek. Hala azaldu du Soziolinguistika Klusterrak garatutako euskararen erabileraren kale neurketak. Lan horren bidez neurtu dute Idiazabalen egunerokotasunean eta kalean zenbateraino erabiltzen duten herritarrek euskara. Helburua, datuak aztertu eta kontzientziatzea da.
2014ko urriko bigarren astean garatu zuten ikerketa, eta atzo azaldu zituen datuak Belen Uranga Soziolinguistika Klusterraren taldeko kide eta ikerketa arduradunak. Horretarako kalean egindako 1.102 elkarrizketei erreparatu diete, eta horietan solaskide izan diren 3.167 herritarrek osatu dute lagina.
Hizkuntza gaitasuna
Idiazabalgo kaleetan entzuten diren hamar elkarrizketatik sei euskaraz izan dira, gaztelaniaz %35 eta beste hizkuntza batzuetan %1,5. Alabaina, nahiz eta %63,5ak egiten duen euskaraz, %82,2ak badaki euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiten, elebidunak baitira.
Bestalde, bada aldea emakume eta gizonezkoen artean, izan ere, gizonezkoek gehiago erabiltzen dute euskara emakumezkoek baino; %66,4 eta %61,6 hurrenez hurren. Hala ere, datuak duela urte batzuk bestelakoak ziren, eta bi taldeen arteko distantzia handiagoa zen. Hau da, 2002. urtean gizonezkoen artean euskararen erabilera %85ekoa zen eta emakumezkoena %67,1ekoa. Orain, baina, bi biztanle taldeetan izan da beherakada, eta are nabarmenagoa izan da gizonen artean: 2002ko %85etik 2014ko %66,4ra pasatu dira. Gaur gaurkoz joerari erreparatuz, badirudi portaera horiek batzera doazela.
Haur eta gazteak, euskaraz
Adin-talde guztietan, adinekoen taldean izan ezik, geroz eta gutxiago erabiltzen dute Idiazabalen euskara komunikatzeko, eta beherakada agerikoa izan da: haurren artean %85,8tik %79,4ra pasatu dira, gazteen artean %87,9tik %83,6ra ehuneko altuena da gazteena, eta helduen artean %66,7tik %50,2ra. Adinekoen artean, aldiz, ia bost puntuko igoera izan da, %55,4tik %60ra.
Jaitsiera nabarmenak izan diren arren, ikerketak agerian uzten du kalean eta egunero euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak eta gazteak direla.
Bilakaerari dagokionez, haurren artean euskara erabiltzeko joerak ere behera egin du, ia zortzi puntu jaitsi da. 2002an %96,3k egiten zuen euskaraz, eta 2014an, aldiz, %88,2k.
Hala ere, haurrak bakarrik dauden momentuetan egiten dute gehien euskaraz. Helduek, euren arteko elkarrizketak izaten dituztenean nabarmen gutxiago erabiltzen dute euskara, %47,5 izatetik %43,9 izatera pasa da. Beraz, helduek elkarren artean gaztelaniaz hitz egiteko joera badute, baina haurrekin komunikatzeko orduan euskara erabiltzen dute. Izan ere, ikerketako ondorioetako bat da haurrek eta helduek osatzen duten taldeetan, euskararen erabilera hobesten dutela, ia bi puntuko igoera gertatu baita: 2002 urteko %69,1tik 2014ko %70,9ra.
Euskara, beherakadan
2001 eta 2011 urteen artean idiazabaldarren euskara gaitasunak ere behera egin du, ia bost puntu jaitsi da: euskaraz hitz egiten dakitenak %87,9 izatetik %82,8 izatera pasatu dira. Haur euskaldunak %88,7 dira, ia euskaldunak %7,1a, eta gainerako %4,2a erdaldunak.