Burdinola elkarteak 2003an egindako mapa hobetu du, udalak eskatuta. 907 toponimo jaso dituzte. Auzuneetako etxeen izenei eta bost paraje natural ederrenei ere tokia egin dieteLegazpiko Udalak mapa toponimiko berria egin du eta martxoa bukaeran etxe gu...

Burdinola elkarteak 2003an egindako mapa hobetu du, udalak eskatuta. 907 toponimo jaso dituzte. Auzuneetako etxeen izenei eta bost paraje natural ederrenei ere tokia egin diete
Legazpiko Udalak mapa toponimiko berria egin du eta martxoa bukaeran etxe guztietara bidaliko du. 907 toponimo jaso dituzte. Maparen atzealdean, herriko bost paraje natural garrantzitsuenei buruzko informazioa sartu dute: Arrolamendi, Oamendi, Aizkorriko goiburuak, Aitzondoa eta Korostiaga.
Toponimoekin lotutako lana Burdinola elkarteak egin du eta ondare naturalari buruzkoa, berriz, Aranzadi elkarteak. Diseinuaz Dunba enpresa arduratu da eta egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.
Mapa toponimiko berria asteazkenean aurkeztu zuten, udaletxean. Ekitaldian Burdinolako Jose Luis Ugartek, Dunbako Felix Mugurutzak eta Rakel Puente zinegotziak parte hartu zuten.
Mugurutzak toponimia «herrien DNA sekuentzia» dela esan zuen. «Toponimia herritarrek idazten duten historia da. Hori oso garrantzitsua da, normalean historia boteretsuek idazten baitute».
Toponimoen balioaz ere hitz egin zuen. «Kokatzeko balio handia dute, arkeologoei pistak ematen dizkiete, informazio linguistikoa ematen dute… Informazio kapsulak dira. Ondare bat dira, eraikinak bezala. NBEk ondare inmaterial izendatu ditu».
Hori dela eta, toponimoak zaindu egin behar dira. «Ikertu, egonkortu, hedatu eta iraunarazi egin behar dira. Erabili egin behar dira, gal ez daitezen. Mapa hau jendeak apurtu arte erabiltzeko egin dugu».
Erabilgarria
2003ko mapa Ugartek egin zuen eta oraingoan ere udala berarekin harremanetan jarri da. «2003ko mapa gainbegiratu eta kultur ondarea txertatu dugu. Izen berri batzuk eta XX. mendean eraikitako etxeen izenak sartu ditugu, mapak erabilgarritasuna izan dezan. Hala, suhiltzaile eta anbulantzientzat ere erabilgarria izango da. Gainera, baserri auzuneei garrantzia eman diegu».
Bukatzeko, Puentek Eusko Jaurlaritzaren eta Aranzadiren laguntza jaso dutela eta mapa legazpi.eus webgunean jarriko dutela gogoratu zuen. Gainera, paperezkoa etxe guztietara bidaliko dute. «Martxoa bukaeran bidaliko dugu, gutun-azal baten barruan eta mapari buruzko informazioarekin».