Dena prest 9. Segura-Zerain mendi lasterketarako
Maiatzaren 3an izango da Trail eta Sprint modalitateetan. Astelehenera arte irekita dago, oraindik, izen ematea.
Korrikalariak Segura-Zerain mendi lasterketaren irteeran, artxiboko argazkian. Loinaz Agirre Maiatzaren 3an jokatuko da 9. Segura-Zerain mendi lasterketa. Iaz egindako aldaketari eutsiz, aurten ere igande goizean izango dira lasterketak. Larunbat arratsaldetik igande goizera aldatu zuten lasterketa, “balorazio positiboa egin genuen eta aldaketarekin jarraitzea erabaki genuen, aurten behintzat, datorren urtean ez dakit zer izango den”, esan du Jon Iñaki Izagirre antolatzaileak.
Ohi bezala, bi lasterketa izango dira aukeran: Trail edo luzea (25 km) eta Sprint edo motza (14,5km). Lasterketa luzeari 9:30ean emango diote hasiera eta ordu erdi beranduago aterako dira lasterketa motzeko korrikalariak. Ibilbidea iazko bera izango dela aurreratu du Izagirrek. Parte hartzeari dagokionean, nahiz eta oraindik izen ematea itxi gabe dagoen, 300 bat korrikalari espero dituzte bi lasterketetan, «iaz baino pittin bat gutxixeago», iragarri du. Arrazoiak ez dituzte garbi baina, besteren artean, Maiatzaren leheneko zubiak eragina izango duelakoan daude.
Astelehena izango da izena emateko azken eguna. Izen-ematea kronoak.com web gunearen bitartez egin daiteke.
Dortsal banaketa
Dortsalen banaketa larunbat arratsaldean (18:30-20:00) eta igande goizean (08:00-09:30) egingo dute. Antolatzaileek, «ahal den neurrian» dortsalak larunbatean hartzeko deia luzatu diete Segurako eta inguruko herrietako korrikalariei, «antolakuntza lanak errazteko». Aurten ere, korrikalarientzako «poltsa polit» bat osatzen saiatu direla esan du Izagirrek.
Iaz bezala, aurten ere Segura, Zerain eta Mutiloako kintada jendetsuenari ere saria emango diote. Kintada jendetsuenak afari bat irabaziko du antolakuntzarekin. Eta iaz lehenengoz egin zuten gazteen sariak ere jarraipena izango du aurten: “15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Lasterketa motza bakarrik egin dezakete, heldu baten baimenarekin”. Guztira 31 sari banatuko dituzte, Seguran bizi den Daniel Bonikowskyren Made in Segura zigilupean egindakoak.
Segura-Zerain mendi lasterketa Goierriko Koparako puntuagarria izango da aurten ere; “konfirmatu berri digute Gabiriako Leharrei mendi lasterketan atera ziren lau liderrak Seguran izango direla” maiatzaren 3an.
Horren harira, Goierriko Kopa osatzen duten beste lasterketak bezala, Segura-Zerainen izen ematen duen korrikalari bakoitzeko euro 1 emango dio antolakuntzak Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako elkarteari.













