Kale Nagusiko lanak hasi direla-eta, aparkalekuko ordu muga handitu egin dute seitik zortzira
Legazpiko Kale Nagusia ibilgailuentzat itxi dute eta han zeuden aparkalekuak desagertu egin dira. Udalak aldaketak lur azpiko aparkalekuaren erabilera areagotuko duela uste du, eta tarifak nahiz ordutegiak aldatu ditu. Bide batez, aparkalekuan makina berria jarri dute.
Ordutegiei dagokienez, luzatu egin dute ibilgailuak aparkaleku barruan utzi ahal izateko denbora. Aurretik sei orduz aparkatu zitekeen gehienez eta orain zortzikoa da ordu muga. Gauean doan diren orduak ere gehiago dira orain.
Tarifari lotutako aldaketak bi ordutegi ezartzen ditu. Erabilera handiena ematen zaion orduetan, 7:00-17:00. 20 zentimo ordaindu beharko dira orduko eta gutxien erabiltzen den ordutegian, 17:00-21:00, 10 zentimo. Fernando Agirre Legazpiko udaltzainburuarentzat tarifa igoerarik ez dago: «Erabilera baxuko ordutegian zein bestean ordu erdi bakoitzagatik 5 zentimo gehiago ordaindu beharko da. Dena dela, aparkalekuko erabiltzaileek txartel bat eskuratzeko aukera izango dute eta txartelarekin erabilera eta prezioa doitu ahal izango dute».
Txartel-zorroa
Aparkalekuan jarri duten makina berrian nork bere ibilgailuaren matrikula sartu behar du derrigor. Aurki, makina ipini duen enpresak txartel batzuk jarriko ditu erabiltzaileen eskura. Hiru euroren truke erosi ahal izango dira diru-zorroaren modura funtzionatuko duten txartelak. Hain zuzen, 30 eurora arte betetzeko aukera emango dute eta txartelaren bidez deskontuak zein txartel bera berriz kargatzeko parada izango dute erabiltzaileek. Hala azaldu du Agirrek: «Demagun norbaitek bi ordu ordaintzen dituela aurrez eta gero denbora gutxiago egoten dela. Txartelak autoa aparkatuta izan duen denbora soilik ordaintzeko aukera emango dio». Egunotan txartelaren berri emateko kanpaina abiatuko dute Legazpin.
Matrikula sartu behar izateak kontrol gehiago izatea baliatuko diela dio Agirre udaltzainburuak, «aparkalekua noiz eta nola erabiltzen den jakiteko aukera izango dugu». Aurreko ostegunetik martxan daude makina, tarifak eta ordutegi berriak.
Aldaketa gehiago
Ez da Kale Nagusiaren eraldaketak eragingo duen aldaketa bakarra. Plazaola kalean 14 aparkaleku prestatu dituzte. Txandaka ordu erdiz aparkatu ahal izango da bertan, «Kale Nagusitik gertu dago eta erosketak egitera joateko autoa uzteko aukera emango du». Txartela atera beharko da makinan baina aparkalekua doakoa da. Tokiak margotu eta makina asteazkenean jarriko duten arren, aparkatu daiteke jada. Taxi geltokia ere tokiz aldatu dute, orain Plazaola kalean dago, Xarpot tabernaren parean.