Joselu Anaiak taldeko kideak Alegia auzoan / Aimar Maiz
Bost anaia eskenatoki gainean ikustea jada ohikoa da Goierriko festa gune ugaritan. Joselu anaiaren izena badu ere taldeak, haren ondoan aritzen dira beti Javier, Andoni, Felix, eta Jesus. Joselu Anaiak musika taldea osatzen dute bostek, eta asteburu honetan Alegia auzoan aritu dira. Dagoeneko 30 urte dira, batean hutsik ere egin gabe, Alegian jotzen dutena (Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiriako auzoa da Alegia).
«Urteroko zita» da Alegian jotzea, Joselu Ruiz de Gordoak azaldu duenez: «Urtarrilean hasten gara ia sanprudentzioetan hasi eta urrira arteko kontzertuetako kontratuak eta lotzen; baina edozertan hasi baino lehen jada urtero joaten garen plazetara deitzen dugu zein asmo duten jakiteko». Kasu horietako bat da Alegikoa, adibidez. Baina ez da bakarra. Goierrin, Mutiloan eta Gabirian ere urtero izaten dute hitzordua Joselu Anaiak taldeko bost anaiek.
Aurten, baina, berezia izan da Alegia auzoan egin duten emanaldia. «30 urte egin ditugu urtero bertako jaietara joanez, eta auzotarrek omenaldi txiki bat egin nahi izan digute aurten. Urte ezberdinetako argazkiekin osatutako oroigarri bat oparitu digute». Esperogabeko oparia izan da, baina «bihotzez» eskertu dute: «Urtez urte bizipen asko elkarbanatu ditugu, batzuk oholtza aurrean eta besteak gainean. Baina harreman berezia sortu da, eta guretzat Euskal Herriko plaza kuttunetako bat da».
Txikitasunean erakargarri
Herri handietan, txikietan, ertainetan, auzo jaietan… Txoko gutxi egongo dira Euskal Herrian Joselu anaiek zapaldu ez dutenik. Baina Ruiz De Gordoarentzat berezia da hori, «lekuan lekuan berezitasun bat izaten duelako emanaldia bakoitzak, eta hori oso polita da».
Alegiarrak eta Ruiz de Gordoa anaiak (Joselu anaiak) oroigarriarekin
Goierrikoak nolako plazak diren galdetuta barre xirria egin du abeslariak: «Bereziak izaten dira emanaldiak; kosta egiten zaizue hastea, baina behin hasita ezin gelditu! ‘beste bat, beste bat’ ohiu eta eskari artean, hankak mugitzea kostatzen zaizuena kostatzen zaizue gero agurtzea, eta giro polita sortzenda».
Goierritik bereizi duen beste ezaugarri bat oholtza aurrean aritzen direnen izaera izan da: «Gainera, horrenbeste urtean, gurekin ere harreman berezia eratu dute goierritarrek, eta lehen begira egoten zirenak orain dantzan ikusten ditugu», dio. Izan ere, belaunaldi ezberdinak ezagutu dituzte taldekideek antolakuntza taldetan, jai batzordetan, eta plazan dantzan. «Polita da lehen umeak zirenak orain beraien seme-alabekin dantzan ikustea, edo amonak bilobekin; hori ezin da galdu, hori da plazako xarma, eta heldu egin behar zaio».
Hori da, ain zuzen ere, Joselu Anaiak taldea astebururo oholtza gainera eramaten duen arrazoietako bat: «Euskal folklorearen aztarna bat da, hor jarraitzen du, eta guri horrek asko motibatzen gaitu».
Gabirian eta Zegaman
Mutiloako eta Alegiako plazak jendez betetzea lortu du aurten ere boskoteak, eta hala egingo dute Gabirian eta Zegaman ere, ziurrenik. Abuztuaren erdialdean dute zita Gabirian (San Roke egunaren buetan) eta hilaren amaieran Zegaman, San Bartolome jaietan.
Tartean, ordea, Euskal Herrian barrena ibiliko dira plazaz plaza, «osasuna dugun bitartean!», dio Ruiz de Gordoak. «Taldea indartsu dago, gogoz gaude oraindik, nahiz eta urtean hilabete batzuetan bizitza goitik behera aldatzen zaigun. Gauez bizi gara, eta egunez lo egiten dugu, eta ordutegi hori gainontzeko guztien kontrakoa izaten da. Baina plaza jendez bete dela ikusteak, hori dena ahaztera eramaten gaitu, gozatu egiten dugu, jendearen motibazioarekin disfrutatzen dugu, eta bost anaioi osasunak laguntzen digun bitartean hor jarraitu nahi dugu».
Ez dira goierritar asko izango Mutiloan, Alegian, Gabirian edo Zegaman –edo beste plazaren batean– Ai txabela, Anselma, Marina edo Tximeleta maitea abestu eta dantzatu ez dutenak.