Asier Martinez eta Roxana Gomez irabazle Ordiziako mitinean
Goi mailako atletismoarekin gozatzeko aukera izan dute milatik gora zalek Altamira estadioan. Mitineko errekor ugari ondu dituzte atletek.

Harro egoteko moduan Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeko kideak. Jose Antonio Peñaren oroimenezko IX. Ordizia Mitina goi mailako kirol ikuskizuna izan da. Eta antzeman da kategoriaz igo dela atletismo topaketa, atleten kirol mailak eta jatorriak erakutsi duen moduan. Milatik gora zale elkartu ditu aurten mitinak, Altamira estadioko harmailak erabat betez.
Asier Martinez iruindarra eta Roxana Gomez kubatarra izan dira IX. Ordizia Mitinaren irabazleak. Atzo jokatu zen, 19:00etatik 22:30era.

Roxana Gomez kubatarra 400 metroko probaren irabazlea.Iñaki Gurrutxaga
Martinezek 110 metro hesietako proba irabazi zuen 13.35 denborarekin eta 1.187 puntu lortu zituen. Gomez, berriz, 400 metroko proban nagusitu zen 50.40 denbora eginez eta 1.190 puntu batuz.
Gipuzkoako kirolari onenaren saria Irati Mitxelena Balerdik jaso zuen –ama ordiziarra du–. Laugarren bukatu zuen luzera jauzian, 6:38ko jauzi batekin (1.081 puntu). Kirol horretan goi mailako beste atleta bat aritu zen Fatima Diame espainiarra. Lehen jauzian denboraldiko markarik onena ezarri zuen (6:79), eta 1.171 puntu lortu zituen.

Irati Mitxelena gipuzkoar onenaren sariarekin.Iñaki Gurrutxaga
Atleta dezentek lortu dute haien proban mitineko errekora hobetzea, kirolarien mailaren erakusgarri. Sailkapen guztiak lotura honetan kontsulta daitezke, eta zuzenean ikusi ahal izan zen Interneten eta ETB1ean.
Aurtengoaren balorazioa egin, eta hurrengo urtekoari begira jarri beharko dute orain Txindoki Atletismo Taldekoek.
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga














































































































































































































