Atzo Legazpin aurkeztu zuten eta gaur arratsaldean Beasainen egongo dira. Atzegik bere webgunean galdetegi bat jarri du eta gipuzkoarrak galdera horiek erantzutera gonbidatu dituUrteroko moduan, Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzko...
Atzo Legazpin aurkeztu zuten eta gaur arratsaldean Beasainen egongo dira. Atzegik bere webgunean galdetegi bat jarri du eta gipuzkoarrak galdera horiek erantzutera gonbidatu ditu
Urteroko moduan, Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, pertsona hauen aldeko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du.
Aurten, adimen urritasuna duten pertsonen bizimoduaren inguruan dagoen ezjakintasunarekin bukatu nahi du. Atzegikoen ustez, oraindik kolektibo honen inguruko aurreiritzi eta estereotipo faltsuak existitzen dira. Batzuk beraien jarrerarekin lotuta daude (maitagarriak direla, haurrak bezalakoak direla, ez dutela iritzi propiorik…) eta besteak beraien bizimoduarekin (ez dutela lanik egiten, ez direla dibertitzen, ez dutela lagunik …).
Kanpaina atzo aurkeztu zuten Legazpin eta gaur, 18:00etan, Beasaingo udaletxean aurkeztuko dute. Kanpainaren oinarria atzegi.org webguneko galdetegi bat da. Edonork, era ludiko eta dibertigarrian, kolektibo honen inguruan duen ezagutza maila neurtzeko aukera izango du.
Honez gain, bi kartel egin dituzte. Beraietan, Lucia eta Sergio azaltzen dira. Bi lagun hauek adimen urritasuna duten pertsonak zein aktibo eta parte hartzaile izan daitezkeen erakusten dute. Bideo bat ere sortu dute, sare sozialen bitartez hedatuko dutena. Bertan, gizartean hedatuta dauden aurreiritzien inguruan hausnartzera eta webguneko galdetegia erantzutera animatzen dute.
Gainera, Atzegik adimen urritasuna duten pertsonak beraien bizitza nolakoa den azaltzera animatu ditu. Horretarako Twitter (#HorrelakoaDaNireBizitza hashtag-a), Facebook, Instagram eta WhatsApp (609 70 37 06 zenbakia) erabil ditzakete.
Kanpaina astelehenean jarri zuten martxan. Gipuzkoa osoan 8.000 kartel jarri, eskualde guztietan prentsaurrekoak eman eta eskoletan hitzaldiak egingo dituzte.
Zozketa eta tailerrak
Aurkezpen ekitaldi nagusia datorren asteartean izango da, 18:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertan bideoa ikusteko aukera egongo da, kanpainaren protagonisten eskutik. Adimen urritasuna duten personek parte hartuko dute eta ez dira sorpresak faltako.