Andraitz klubaren deia saskibaloi zaleei
Bikuñan amaituko dute denboraldia larunbatean klubeko hiru taldek. Kadete mutilen taldeak Zilarrezko Errendimendu mailako txapeldun geratzeko aukera handiak ditu.
CIE Legazpi-Andraitz, mutil kadeteen taldea.Andraitz Andraitz saskibaloi klubeko hiru taldek Bikuña kiroldegian amaituko dute larunbatean 2025-26 denboraldia. Legazpiko klubak dei egin die jarraitzaileei, taldeak animatzera joan daitezen.
Partidak goizez eta arratsaldez jokatuko dira, eta kadete mutilen CIE Legazpi-Andraitz, emakumezko kadeteen Dikar-Andraitz eta UZ Baleike-Andraitz dira Bikuñan izango diren taldeak.
Mutil kadeteak
Saskibaloi jardunaldia 11:00etan hasiko da, kadete mutilen CIE Legazpi-Andraitz eta Hernani KE taldeen arteko partidarekin. Talde legazpiarrarentzat hitzordu garrantzitsua da, eta kadeteen Zilarrezko Errendimendu mailan denboraldi bikaina egin ondoren iritsiko dira bertara. Lehen fasean, taldeak hirugarren postuan bukatu zuen bederatzi garaipen eta bost porroten ondoren. Horri esker Urrezko Errendimendura igotzeko kanporaketa jokatu zuen Atletico SS taldearen aurka.
Bigarren fasean sei taldeko bi multzo osatu ziren, eta CIE Legazpi-Andraitz bigarrenean kokatu zuten. Legazpiarrek fase bikaina burutu zuten, hamar partidetan hamar garaipen lortuz, eta lehen postuan sailkatuz. Ondorioz, Hernani KE. lehen taldeko txapeldunaren aurkako finala jokatzeko eskubidea izan zuen. Finala partida bikoitzean jokatuko da. Hernanin jokatutako joaneko partidan, etxeko taldeak 69-67 irabazi zuen. Horregatik, talde legazpiarrak bi puntu baino gehiagoko aldeaz irabazi beharko du larunbat honetan, Zilarrezko Errendimenduko Kadete mailako txapeldun izateko, eta Urrezko Errendimendura igotzeko.
Neska kadeteak
Arratsaldea, 17:00etan, emakumezko kadete mailako Dikar-Andraitz taldearen txanda izango da. Antigua Luberri KE izango du aurkari.
Talde legazpiarrak kadeteen Zilarrezko Errendimendu mailako hirugarren sailkatuen arteko kanporaketa jokatuko du. Joaneko partida Donostian jokatu zuen Antigua Luberri KEren aurka, eta 56-46 galdu zuen. Beraz, Andraitzeko jokalariek hamar puntu baino gehiagoko aldearekin irabazi beharko dute kategoriako seigarren postuan amaitzeko.
Denboraldi zaila izan da taldearentzat, Urrezko Errendimenduan lehiatzen hasi baitzen. Zilarrezko Errendimendura jaitsi ostean, taldeak bigarren fase ona egin du, eta larunbat honetan amaituko da zaleen aurrean.
Gizonezkoen senior taldea
Jardunaldia 19:00etan amaituko da gizonezkoen senior mailako UZ Baleike-Andraitz eta Gebasket GBC-Electricidad Perosanz taldeen arteko partidarekin.
Talde legazpiarrak azken jardunaldietara arte borrokatu du Bigarren Mailara igotzeko. Lehen fasean bere multzoko lehen postuan amaitzea lortu zuen bederatzi garaipeneko eta porrot bateko balantze bikainarekin, eta horrela igoera taldera sailkatzeko helburua lortu zuen.
Bigarren fase honetan, taldeak hainbat baja garrantzitsu izan ditu, eta hiru garaipen eta lau porroteko balantzearekin heldu da azken jardunaldira. Irabaziz gero hirugarren sailkatuarekin berdinduko lukeen arren, averageak igoerarako aukera matematikorik gabe utzi du taldea.
Hala ere, taldeak garaipen batekin agurtu nahi du denboraldia.














