Kostata, baina azkenean aurreikusitako lan guztiak eginda itzuli dira Ander Arrese eta Eñaut Tolosa beasaindarrak Islandiatik. Euskal Baleazaleen Triskantza filma urte hasierako prest egotea aurreikusten dute.
Eñaut Tolosa, Islandian.
Fisikoki eta psikologikoki nekatuta, baina pozik itzuli dira Eñaut Tolosa eta Ander Arrese beasaindarrak Islandiatik. Euskal Baleazaleen Triskantza filma egiteko materiala biltzen aritu dira, duela 400 urte Islandian hil zituzten 32 euskal bale arrantzaleen historia kontatzeko eta berregiteko asmoarekin.
Uste baino gehiago kosta bazaie ere, azkenean, aurreikusitako irudiak, elkarrizketak eta informazioa esku artean dutela itzuli dira. «Oso herri modernoa eta segurua da Islandia. Dena ondo antolatuta dagoela ikusten da. Baina banakako harremanetan, nahiz eta itxuraz nordikoak izan, karibetarren antz ikaragarria daukate. Fundamenturik ez daukate. Hitzordu bat jarri nahi baduzu, pazientziaz hartu behar duzu. Hitzordura joan eta segurasko ez da egongo. Eta hots egiten badiozu esango dizu beste plan bat daukala eta ezin duela. Eta zuk beharbada bi ordu pasatu dituzu kotxean hara joateko. Agenda erabat aldrebestu egiten ziguten», zehaztu du Ander Arresek.
Baina azkenean, ekinaren ekinaz, «ez guk pentsatu bezala, baina aurreikusitako lan guztiak egin genituen», argitu du Eñaut Tolosak. Islandiako distantziak handiak direla nabarmendu dute: «Denbora asko behar da herri batetik bestera joateko. Eguraldiak ere baldintzatzen zaitu. Beraiek ohituta daude baina gu ez», gaineratu du Tolosak.
Urpekaritzako botila falta
Islandiarren patxadaren ondorioz, larritasun bat baino gehiago pasatu dute beasaindarrek: urpekaritzako arkeologia egiteko oxigeno botilarik ezin lortu izatea. Tolosak gogoratu duen bezala, «oso dramatikoa izan zen. Urpekaritza egitera joan behar ginen eta botilarik ez geneukan. Hitz eginda zegoela suposatzen zen baina ez zeukaten gure berririk. Ordainduta ere ez zizkiguten ematen».
Azkenean lortu uzten behar zituzten oxigeno botilak eta 6-7 gradutan zegoen itsasoan urpeko arkeologia egin zuten. «Ura 2 graduan egongo zela uste genuen eta ez zegoen hain hotza», gogoratu du Arresek. Itsaso txarrarekin topo egin badute ere, aurreratu dutenez, «ez gara esku hutsik etorri».
Ragnar Edvardsson arkeologoaren laguntza izan dute urpean: «Berak oso ondo ezagutzen du inguru hura eta beste ikerketa batzuk egin ditu urpeko arkeologian. Inguru hartan non ibili behar genuen erakutsi zigun. Urperatutako egurrezko baleontzi bat nolakoa den ere erakutsi zigun. Bale hezurrak ikusiz urpekaritza arkeologia egiteko aukera izan dugu».
Super gizonak
Piraguaz ere ibili dira goierritarrak: duela 400 urte euskal bale arrantzaleek traineruan ihesean egindako bidearen zati txiki bat egin dute. «Garbi gelditu da super gizonak zirela euskaldun haiek. Gu hotzari aurre egiteko arropa onarekin joan gara, baina haiek jantzitakoarekin egin zuten, itsasontzia urperatu egin zitzaien eta».
Beasaindarrek ikusi dutenaren arabera, euskaldunek traineruan egin zuten bidea oso-oso gogorra da. «Fiordo guztiak iparraldetik pasatu eta fiordo nagusira sartu ziren. Itsaso hura oso txarra eta gaiztoa da. Gizon haiek makina batzuk ziren», gaineratu du Arresek.
Urte hasierarako filma prest
Oraindik beste bi elkarrizketa egiteko badaude ere, material guztia esku artean dute dagoeneko beasaindarrek. Edizio lanean ari dira buru belarri. Filmak bost atal edukiko dituela aurreratu dute. Lehenengo atalak lehorreratzea kontatuko du; hirugarrenak hondoratzea eta bosgarrenak heriotza. «Lehenengoa marrazki bizidunen atala da», aurreratu dute. Bigarren atalak bale ehiza eta laugarrenak gizonaren ehiza kontatuko dute. «Adituen elkarrizketekin hobeto ulertuko da», diote.
Urte bukaerarako lehenengo zirriborroa prest izatea aurreikusten dute. «Proiektuarekin zerikusirik ez duten hainbat pertsonei erakutsiko diegu ea zer iruditzen zaien. Zer egiten zaien luze, zer kenduko luketen… galdetegi bat pasako diegu».
Hortik aurrera, Euskal Baleazaleen Triskantza filma «urtarrilaren bukaerarako edo otsail hasierarako» prest egongo dela uste dute. Bai ala bai, Beasainen egingo dute estreinaldia.
Hori bai, «aurretik, aurre estreinaldi bat baino egin beharko ditugu: proiektua diruz lagundu dutenek ikusiko dute lehenengo. Laguntzaile askorekin dugu konpromisoa», zehaztu dute.