Larunbatean izango da festa gunea Bideluze plazan. Gipuzkoan 60 kontsumo talde daude; zortzi Goierrin. Garaian garaiko barazkiekin 1.200 saski prestatzen dituzte astero ekoizleek

Ataungo taldea.
Duela lauzpabost urte hedatu zen Gipuzkoan Basherri kontsumo taldeen fenomenoa. Kontsumo talde horien helburuak eta funtzionamendua gizarteratu eta hedatu nahian, Gipuzkoa mailako festa antolatu dute Beasainen. Larunbatean izango da, Bideluze plazan. Besteak beste, kontsumo taldeei buruzko informazioa banatuko dute eta baserrietan ekoiztutako produktuekin egindako pintxoak ere banatuko dituzte.
Basherri Sareko Aintzira Oñederrak zehaztu duenez, «aurreko urteetan Basherri Sarearen barne mailako topaketak egin izan ditugu, baina aurten pentsatu dugu gure lana gizarteratzea». Beasain aukeratu dute horretarako: «Goierrin kontsumo talde indartsuak daudela ikusten dugu, jende asko mugitzen da kontsumo taldeetan. Goierriko kontsumo taldeekin, gainera, lanketa bat ere ari gara egiten, irizpideen inguruan. Horregatik iruditu zitzaigun Goierrin egin behar genuela».
Harreman zuzena
Baserritarren eta erosleen artean bitartekaririk gabeko harreman zuzena bultzatzen dute Basherri taldeek. Ekoizle bakoitzak, gutxi gorabehera, 15-20 familia hornitzen ditu astero garaian garaiko barazkiekin. Saskiak aurrez zehaztutako orduan eta lekuan banatzen dira. Gipuzkoan 60 kontsumo talde daude, Goierrin zortzi: Legazpin bi, Urretxun, Zumarragan, Ordizian, Beasainen, Ataunen eta Lazkaon.
Oñederraren esanetan, kontsumo taldeei esker, bertako elikaduraren eta elikadura ekologikoaren aldeko apustua egiten dute familiek. «Jendeak iraun egiten du, beraz, ikusten da ez dela moda kontua». Barazkiez gain, dena den, «Goierrin bestelako produktuek ere indar handia dute. Jogurtak, oilaskoak, marmeladak, arrautzak, ogia…». Era berean, herritar horiei esker, «bertako ekoizleei lanpostua eskaintzen zaie, eta modu duin batean bizi ahal izateko aukera emanez. Baserritarrek familien arabera planifikatu dezakete lana, soldata duina bermatuz», gaineratu du.
Egitaraua:
- Goiz osoan zehar kontsumo taldeen azoka, saskien zozketa, bertako produktu ekologikoz egindako pintxo dastaketa, kamixeta marrazketa, kalejira…
- 11:00. Babarrun lehiaketa.
- 11:30: Kontsumo taldeetan aintat hartzen dituzten irizpideen lanketa: Entzun, eman eta parte hartu.
- 14:30. Herri bazkaria. Helduek 5 euro; haurrek dohainik.
- 16:30. Antzerkia: Iruñeako Txoriburu.