Herrero, Alberdi eta Gastesi musikarien kontzertua, Zaldibian
Kantu eta piano emanaldia egingo dute hiru musikari entzutetsuk Zaldibian, gaur. Debora Herrero soprano ordiziarra, Javier Alberdi baritono donostiarra eta Arantxa Gastesi piano jotzaile lazkaotarra ariko dira, 19:00etatik aurrera, Zaldibiako antzokian...
Herrero Kantakako zuzendari izan zen, 10 urtez. Alberdi Kea-ko kide da, eta Aita Donostia koruaren zuzendari. Gastesi, Beasaingo Musika Eskolako zuzendari da gaur egun.
Kontzertua Zaldibiako Udalak antolatu du, eta ordubeteko iraupena izango du, bi zatitan bereizita. Aurreneko erdian nazioarteko ospea duten piezak aireratuko dituzte. Haydn, Dvorak, Mozart, Puccini, Verdi eta Lehar konposatzaileen lanak interpretatuko dituzte, La traviata edo Txirula magikoa, tartean.
Euskal kantutegia gero
Bigarren zatia euskal abestiekin osatuko dute. Uruñuelaren Maitia nun zira-rekin hasi, eta Aita Donostia, Garbizu, Guridi eta Benito Lertxundiren pieza batzuk abestuko eta joko dituzte.
Ginastera argentinarraren, eta Breton eta Torroba espainiarraren musika ere azalduko da, estilo ugaritasuna ziurtatuz.












