«Mendi ibilbideei esker bizimodua hobetu zait»
Goierriko Mendizale Beteranoek Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatu dituzte, perimetrotik, sei urteko epean. 66 etapa guztira. Datu guztiak gordeta, liburu batean bildu dituzte orain, eta edonoren eskura jarri.
Juanjo Muxika ordiziarra, Goierriko Mendizale Beteranoen oihala eta liburu atera berria eskuan duela. Andoni Canellada / FOKU 22 urte zituela joan zen Juanjo Muxika (Ordizia, Gipuzkoa, 1948) Pirinioetara lehen aldiz, eta, ordutik, askotan igo da Pirinioetako hainbat menditara. 2009an, Goierriko Mendizale Beteranoen Elkartea sortu zuen, beste hamahiru kiderekin. Eta, beste zenbait ibilaldirekin tartekatuz, 2012an Euskal Herriko zazpi probintziak perimetrotik oinez gurutzatzeari ekin zioten. Sei urte behar izan zituzten egitasmoa bururatzeko, eta 66 etapa egin zituzten guztira. Muxikak datu guzti-guztiak bildu zituen, bai eta kronikak idatzi ere. Orain, kaxoitik paper haiek berreskuratu, eta liburu batean jaso ditu, Euskal Herriko mugak oinez izenpean Sua argitaletxeak eman du argitara.
Nondik abiatu zineten 2012an?
Baionatik mendebalderantz abiatu ginen, Euskal Herriko kostaldea gurutzatuz. Ondoren, Bizkaiko mendebaldeko mugan ibili ginen. Arabakoak, Nafarroakoak, Zuberoakoak eta Nafarroa Beherekoak inguratu genituen gero, eta Aturri inguruan amaitu genuen proiektua. Guztira 1.379 kilometro egin genituen.
Zer dela eta erabaki zenuten Euskal Herriko zazpi probintziak perimetrotik zeharkatzea?
Hasieran ez zen hori gure helburua. 2009an, Pirinioetan bira bat egin genuen. Ondoren, 2010etik 2011ra, Euskal Herriko zazpi hiriburuak oinez zeharkatu genituen. 2012an, Euskal Herriko kostaldea oinez zeharkatzen hasi ginen, eta hor hasi zen egitasmoa forma hartzen.
Zuk bildutako datuak daude liburuaren oinarrian, ezta?
Hori da. Datuak eta erreferentziak hartu nituen, eta etapa bakoitzaren kronika txiki bat egin. Ohitura hori izan dut betidanik. Datuak hartu, paperak bildu, etxea paperez josi… Datuez gain, hirurogei argazki inguru daude liburuan, nik ateratakoak.
Zergatik erabaki zenuen zuk bildutako datu guztiak liburu batean jasotzea?
Koordinatzaile taldekoei aipatu nien, eta ondo iruditu zitzaien. 2023an, Sua argitaletxearekin jarri ginen harremanetan, eta horretan ibili gara azken hiru urte hauetan.
Jendearentzat gida gisa balio dezake liburuak?
Aukera bat ematen du, baina mendizale taldeentzat da bereziki, bakarrik ezin baita egin. Guk autobusaren laguntzarekin egiten genituen etapak. Hasi behar genuen lekuraino eramaten gintuen, eta amaitzen genuen lekuan jasotzen. Hori autoz egitea zaila da, bi auto behar baitira.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.












