Legazpiko saskibaloiaren ibilbide luzea
Andraitz saskibaloi elkarteak 40 urte betetzen ditu aurten, eta hasita dago ospakizunekin. Lau hamarkadako ibilbidea du klub honek, baina saskibaloia lehenago iritsi zen Legazpira, La Salleko fraideen eskutik. Ibilbide luzeko kirola da, beraz, baina azkenaldian ez dago bere unerik onenean.
Andraitz klubeko kideak, duela egun gutxi Legazpin pspatutako Kirolaren Egunean Fraideen eskutik iritsi zen saskibaloia Legazpira 1970eko hamarkadan, eta herriko hainbat kirol modalitate uztartzen zituen La Salle izeneko klub handiaren menpe jokatu zuten lehen taldeek, harik eta 1986an sail hori independizatu eta Andraitz elkartea sortu zuten arte. Aurten, beraz, 40 urte betetzen ditu herriko kirol elkarte handienen artean dagoen klub honek, eta ospakizunetan murgilduta dago dagoeneko.
Duela hamar egun inguru Ilintxako futbolariekin eta La Salleko eskubaloi jokalariekin batera ospatutako Kirol Eguna izan da momentuz urteurreneko ekitaldi nagusia. Legazpiko saskibaloi familiak ez du oraindik zehaztuta ospakizunekin jarraitzeko ekitaldi gehiago.
La Salletik Andraitzera
Javier Iraetak 40 urte bete ditu klubean, hasiera-hasieratik dagoelako horri lotuta. Jokalaria izan zen lehenengo, hain zuzen, herriko lehen saskibaloi jokalarietako bat da. Gero entrenatzaile eta ordezkari nagusi ere izan da, eta da oraindik.
Iraetak gogoratzen duenez, La Salle-Buen Pastor ikastetxean hasi ziren saskibaloian jokatzen 1970eko hamarkadan, «La Salleko anaiak izan ziren bultzatzaileak». Lehen taldeak osatuta, partidak Buen Pastor eskolako patioan jokatzen zirela dio, baina gero herriko frontoian jokatzera pasa zirela, «hura zelako saskibaloian estalpean jokatzeko herrian zegoen leku bakarrenetakoa». Pilotalekuko harmailetan giro ona egoten zela ere gogoan du.
Lehen urte haietako bitxikeria bat ere badu kontatzeko legazpiarrak. «Oñatira ikasle amerikarrak etorri ziren euskara ikastera, eta Legazpin saskibaloi taldea zegoela jakin zutenean, batzuk hona etorri ziren gurekin jokatzera».
Legazpiko saskibaloi taldeak La Salle Legazpi klubaren barruan zeuden hasieran, beste kirol sail batzuekin batera. «Klubean sail gehiago zeuden, eskubaloia, judoa, boloak eta errugbia, eta gu, saskibaloikoak». Baina saskibaloi sailak La Salle Legazpitik independizatzea erabaki zuen urte batzuetara, eta 1986ko azaroaren 5ean Andraitz Kirol Elkartea sortu zuten. Beraz, aurtengo azaroaren 5ean beteko ditu 40 urteak Andraitzek.
Klubarentzako izena «Aizkorriko Andraitz tontorrarena» hartu zuten, «bere altuera saskibaloiko jokalarien altuerarekin lotuz», Iraetak azaldu duenez.
Ibilbide luzeko mugarriak
Ibilbide luze honetan hainbat mugarri izan ditu Legazpiko saskibaloiak, eta aipagarriena, Iraetaren esanetan, klubeko talde seniorra erkidegoen arteko lehen mailara iritsi zenekoa da. «Logroño, Gasteiz, Bilbo, Calahorra eta beste hainbat lekutara joaten ziren jokatzera».
Beste mugarri bat 40 urte hauetan klubeko partaideak 600 inguru izatera iritsi izanak markatutakoa izan da. Talde handi horretan, jokalariak, entrenatzaileak, ordezkariak eta zuzendaritza batzordeko kideak sartzen dira, «herritar asko eta asko izan dira!». Eta denak boluntarioak izan dira, beti, Iraetak nabarmendu duenez. Boluntario horiei aitortza egin nahi die, «klubari denbora eta ezagutza eman dizkiotelako urte askotan». Zuzendaritza taldekoak eta entrenatzaileak nabarmendu ditu horien artean, «gehienak finkoak direlako, denboraldiz denboraldi klubean jarraitzen dutenak».
Denboraldiak, hain zuzen, asko izan dira 1986an kluba martxan jarri zenetik, eta jokalari eta talde aldetik gorabeheratsuak izan badira ere, klubak beti lortu du saskibaloiak bere lekua izatea Legazpin. Denboraldi batean bederatzi talde eta saskibaloi eskolako jokalariak izatera ere iritsi zen.
Denboraldi zaila
Azken aldian Andraitz saskibaloi elkartea ez dago bere garairik onenean, eta amaitu berri den denboraldi honetan hiru talde besterik ez ditu izan. Hurrengo denboraldiari begira ere aurreikuspenak ez dira oso baikorrak, eta bi talde besterik ez direla sortuko uste dute klubeko arduradunek, emakumezkoen parte hartzeko junior mailako talde bat, eta urrezko mailako gizonezko kadete talde bat.
Hori dela eta, «denboraldi zaila» datorrela dio Iraetak, baina ez bakarrik jokalari faltagatik, baita zuzendaritzan eta entrenatzaile taldean erreleborik ez dagoelako ere. Jokalariei dagokienez, «jaiotza tasa baxuak» ez duela laguntzen dio, belaunaldi txikiak direlako eta oso zaila delako horrela 12 edo kide gehiagoko taldeak osatzea. «Denboraldi zaila dator, jokalari faltagatik eta zuzendaritzan eta entrenatzaileetan errelebo faltagatik».
Egoera hori irauli nahian, lanean hasi dira legazpiarrak Urretxu-Zumarragako Goierri Kirol Elkartearekin, «eskualde mailan, saskibaloi eskolekin, oinarritik abiatuta». Izan ere, Andraitzen antzeman duten arazo hau, «beharbada, klub gehiagotan ere gertatu daiteke, eta berandu baino lehen heldu behar zaio, konponbide bat emateko».












