Herri omenaldia Azurmendiri
Bere heriotzaren lehenengo urteurrenaren harira, herritarren aitortza jasoko du Joxe Azurmendi euskal idazle eta pentsalariak larunbat honetan, Zegama jaioterrian.
Joxe Azurmendi pentsalari zegamarra.EHU Gaur urtebete zendu zen Donostian Joxe Azurmendi saiakera egile, euskal idazle, teologo eta filosofo zegamarra. Pentsamendu kritikoarekin, euskararekin eta gizarte eraldaketarekin konprometitua, oparoa bezain zabala da utzi zuen legatua. Zegama 10-11 urterekin utzi zuen Azurmendik, Arantzazura ikastera joateko, baina handia izan zen bizi zen artean jaioterriarekiko bere atxikimendua. Hain zuzen, bere heriotzaren lehenengo urteurrenean omenaldia egingo diote Zegaman, larunbat honetan, Jakin Fundazioak, EHUko Joxe Azurmendi katedrak eta Zegamako Udalak elkarlanean antolatuta.
Etika, politika, hizkuntzaren filosofia, euskal literatura eta filosofiari buruzko artikulu eta liburu asko argitaratu zituen. 1965ean euskaltzain urgazle zela erbestera ihes egin beharra izan zuen. Frantzia, Finlandia, Hungaria eta Italian egonaldiak egin ostean, Alemanian errotu zen hainbat urtez; 70. hamarkadaren amaieran, Donostian finkatu zen arte. Jakin Irakurgaiak argitaletxeko zuzendaria izan zen eta 2010az geroztik, Euskaltzaindiaren ohorezko akademikoa zen. EHUrekin ere harreman estua izan zuen; Udako Euskal Uninertsitatearen sortzaileetako bat izateaz gain, 1981etik eskolan eman zituen EHUn eta 1993 eta 2014 artean Filosofia Modernoko katedraduna izan zen. 2019an, EHUk Joxe Azurmendi katedra sortu zuen.
Azurmendi eta Azurmendi
Joxe Azurmendiren lana aztertu zuen Haritz Azurmendi Jakineko kideak, filosofia ikasketen amaierako tesian; eta orduan izan zuen pertsonalki ezagutzeko aukera. Hamar urtez luzatu zen bien arteko harremana eta Joxeren azken bi liburuak editatzeko lanetan ere aritu da Jakineko kidea; azkena orain gutxi argitaratua. Abizen bera izan arren, ez dira odolekoak: «Aitona nuen zegamarra, eta hortik lotura ziurrenik», dio.
«Oso esku zabal» hartu zuela kontatu du, «beti agertu zen laguntzeko pronto. Nolabaiteko erreparoa ere ematen zioen norbait bere lanak ikertzen hastea, umiltasun dexentea zuelako. Luxu bat izan zen harekin lan egitea», azpimarratu du. Mundua Euskal Herriaren ikuspuntutik aztertzeko gakoak ematea izan da Joxe Azurmendik euskal pentsamoldeari egin dion ekarpen handienetakoa Haritzen iritziz. «Mundua irakurtzen zuen, baina Euskal Herritik, hizkuntza minorizatu eta herri zapaldu izatearen kontzientziatik, beste borroka batzuekin loturak bilatuz. Gure ikuspegi kokatu bat lantzeko bidea eta lehengaiak eman zizkigun», nabarmendu du.
Herri omenaldia
Horregatik guztiagatik egingo diote aitortza jaioterrian, «Zegaman ere eduki dezan bere herri omenaldia». Bitan banatu dute larunbateko ekitaldia. Lehenengoa akademikoagoa izango da, «Joxeren lanaren gaineko gogoeta egingo dugu, zer lehengai utzi dizkigun aztertzeko eta horiek nola baliatu ditzakegun bere izpiritu horrekin lanean jarraitzeko», argitu du Jakineko kideak.
Joxe Azurmendi katedraren zuzendariak, Iñaki Zabaletak hartuko du lehenengo hitza, «unibertsitatetik Joxeren lana aztertu eta ildo horri jarraipena emateko egiten ari diren lana azaltzeko». Ondoren, mahai ingurua izango da Azurmendiren lanean adituak diren Alaitz Aizpuru, Iratxe Retolaza eta Mikel Urdangarinen parte hartzearekin eta Haritz Azurmendik berak gidatuta. 10:00etatik aurrera izango da Gaztelekuan, publiko guztiari irekita.
Amaitzeko, herri omenaldiari emango diote hasiera, 12:30ean udaletxe alboko plazan. Herriko txistulariek, dantzariek eta abesbatzak hartuko dute parte eta bertso musikatuak ere egongo dira, Jakin Fundazioko, Zegamako Udaleko eta Joxe Azurmendi katedrako ordezkarien hitzartze laburrak tartekatuko direlatik.













