«Pragmatismoa balio politiko inportantea da, eta EH Bildu eta EAJ pragmatikoak izan gara»
Bi alderdiek egindako «apustu politikoa» goretsi du Olanok, eta jarraipena egiteko lantaldea eratzeko gai izan direla nabarmendu. Hala ere, aldarrikatu du euskarak «espazio zentral bat» behar duela, PSE-EE ere kabituko dena.
Markel Olano, EAJko legebiltzarkidea.
Endika Portillo / FOKU Enplegu publikoaren legearen erreforma onartu eta biharamunean hartu du Markel Olanok (Beasain, Gipuzkoa, 1965) BERRIA, Eusko Legebiltzarrean. «Euforia girotik» urrun da, baina pozik emaitzarekin, egindako lanak «bere fruituak» eman dituelakoan. Lege aldaketa «balio handikoa» dela azpimarratu du, «arazo bati konponbidea emango diolako». Eta garrantzia eman dio EAJk hori lortzeko egindako «mugimenduari». «EAJ mugitu egin da, eta mugimendu politiko horrek emaitza ekarri du». Zehaztu du, ordea, bide bat amaitu eta beste bat hasi dela orain.
Zer balorazio egin duzu eztabaidan entzundakoaz? Harritu zintuen zerbaitek?
Nork bere balorazio politikoa egin zuen, eta bere espazio politikoa defendatu. Hori tokatzen zen, eta ez ninduen ezerk harritu alde horretatik. Nire tesi nagusia izan zen euskararen biziberritze prozesuak espazio zentral bat behar duela, eta espazio horrek oinarrian daukan behar nagusia elkarrekiko errespetua dela. Errespetuzkoa izan zen eztabaida, eta hori pozgarria da, baina oraindik asko daukagu egiteko.
Akordioaren garrantzia nabarmendu zenuten bai EAJk eta bai EH Bilduk. Baina ituna egitea ez zen erraza izan. Nolakoa izan zen negoziazioa?
Negoziazio horrek lotura dauka PSE-EErekin aurretik izan genuenarekin. Guk garbi geneukan lan eskaintza publikoen prozesuak arazo larria zeukala auzitegietan; guretzat konpondu beharrekoa zen, eta, beraz, ekimen politiko bat behar genuen. Baina ez genuen lortu Alderdi Sozialistarekin adostea. Hala ere, jada aurreratuta geneukan EH Bildurengana jo genuenerako. EH Bilduk ere prest zeukan berea ordurako, baina hasieratik ikusi genuen kontrajarriak zirela eta zaila zela erdibideko bat topatzea. Haserretu egin ziren pixka bat guk ez genuelako ahalegin hori egin. Baina gure helburua zen gaur egungo eredua indartzea, eta EH Bilduk beste eredu bat jarri nahi zuen martxan.
Zerk eman du modua balantza zuen aldera erortzeko?
Politikan bidea jorratu behar da, eta irtenbidea bilatu. Gainontzean, blokeo politiko bat izaten da, eta hemen aukera handiak geneuzkan horretarako. Guk ikusten genuen aukera bakarra zela gure proposamenarekin hastea, zeren, azkenean, joan den hamarkada luzeetan administrazioa euskalduntzen jardun duen eredua da. Horregatik esaten genion EH Bilduri errazagoa zela eredu hori fintzea eta hobetzea, eta gero elkarrekin ebaluatzea. Eta, tira, ikusita nola joan den ez bakarrik prozesua, baita horrek komunikabideetan eta gainontzeko eragileetan izan duen erantzuna ere, iruditzen zait ez zaiola behar adinako garrantzia eman. Bi sentsibilitate politikok, tradizio oso desberdinak dituzten bi alderdik hiru urtean tresna ordenatu bat izatea elkarrekin azterketa bat egiteko, horrek sekulako balio politikoa dauka, nire ustez. Baina ez zaio aitortzen. Ez gaude horretara ohituta, eta, gainera, askotan ahuldadetzat hartzen da. Apustuak sakonak eta inportanteak direnean horrelako harremanak eta esperientziak gauzatzen jakitea garrantzitsua da.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













