Ura, infernutik ihes egiteko
Beroaldi gogorra pairatzen ari da Goierri eta ura da aringarri onena: igerilekuak, erreketako putzuak... jendez gainezka daude.
Jendea bainatzen Zaldibiako Amundarain errekan, joan den astelehenean. Iñaki Gurrutxaga Astelehen, astearte eta asteazkenerako sekulako beroa iragarri zuten. 43 gradu inguru. 43 gradu? Inoiz izan ote dugu halako beroa Goierrin? Eta hiru egunetan jarraian, gainera. Zer sentituko ote da? Zer gertatuko ote da? Zer egingo ote du jendeak?
Heldu da ba beroaldia. Eta hainbat udalek San Joan bezperan surik ez piztea erabaki dute. Beste batzuk piztu dute, baina kontu handiz. Eta jaurlaritzak hainbat gomendio eman ditu: aire zabaleko berotik babestea, etxea fresko mantentzea, deshidratazioa saihestea eta lanean arriskurik ez hartzea, besteak beste.
Goierritar gehienak gomendioak fin-fin betetzen ari dira: eguzkiak gogor jotzen duen orduetan kaleak hutsik ageri dira, jendea itzala duten terrazetan pilatu da, adineko asko etxean gelditu dira, okindegi eta taberna askotan arratsaldetan beranduago irekitzea erabaki dute…
Baina, hala ere, zaila da berotik ihes egitea. Neurri horiekin biziraupena bermatzen da, baina horrela ez dago freskatzerik. Freskatzeko modu bakarra bustitzea da. Ura da infernutik ihes egiteko modu bakarra.
Igerileku, putzu, iturri…
Goierriko igerilekuak eta ur parkeak jendez gainezka ageri dira. Iturriak ere ez dira txarrak, burua freskatzeko edo ur pistolekin jolasteko. Putzuetan ere jende asko elkartu da. Legazpiko Telleriarte eta Brinkola auzoetako putzuetara, adibidez, Urretxuko eta Zumarragako haurrak ere joan dira.
Eta eskuineko argazkian ikus daitekeen moduan, Zaldibian hondartza inprobisatu dute: Zaldibia Beach. Herrian bertan, Kontxa bezala. Ez dute barandarik, ez dute Santa Klara uharterik… baina ezta medusarik eta jende pilaketarik ere. Eta Amundarain errekako ura Kontxakoa baino garbiagoa da. Gainera, belardia dute. Gorputzeko zirrikitu guztietan sartzen den harea baino askoz hobea! Txiringitoa eta barkillo saltzailea bakarrik falta zaizkie.

Beasaingo Nafarroako Etorbidea kalea, astelehen arratsaldeko lehen orduan, hutsik. 41 gradu markatzen zituen termometroak.Mikel Albisu













