Berrikuntzekin jokatuko da Ordiziako Mitina, larunbatean
17:55ean hasita, larunbatean jokatuko da Ordiziako Mitinaren 10. edizioa. Probak, atleta aipagarrienak eta berrikuntzak jakinarazi dituzte.
Altamirako estadioa prest dago larunbatean jokatuko den Jose Antonio Peñaren omenezko Ordiziako Mitina hartzeko. Hamargarren aldiz egingo dute hitzordua, eta azken urteotan Euskal Herriko atletismo egutegiko erreferente nagusietako bat bihurtu da. Txindoki-Jaso Atletismo Taldeak antolatu du beste behin ere, eta dagoeneko prest ditu asteburuko jarduera guztiak.
Ostiralean egingo dute atleten aurkezpen ofiziala, 20:00etan, Ordiziako herrigunean, baina atleten arteko lehia larunbatean izango da. 17:55tan bertakoen korrikaldiak izango dira, eta 18:30ean egingo da irekiera ofiziala. Kanporaketa faseak jokatuko dira eta 21:15ak aldera finalen txanda izango da. Gaueko 23:00ak aldera amaitzea aurreikusten da.
Txindoki atletismo taldeko lehendakari den Eneko Agirrezabal ez ezik, ekimena diruz laguntzen duten erakunde publiko zein pribatuetako ordezkariak ere izan ziren asteazkeneko aurkezpenean. Tartean, Adur Ezenarro eta Leire Artola, Ordizia eta Beasaingo alkateak. Denek ala denek eskertu zuten atletismo taldeak urtez urte egiten duen «lana eta ahalegina», eta azken urtean ekimenak izan duen «hazkundeari» ere erreparatu zioten. Hain justu, ziurtatu zuten antolatzaileek orain hamar urte ereindako hazia gailurrera eramatea lortu dutela denbora gutxian. Izan ere, 2022an nazioarteko mailara igarotzea lortu zuten, eta iaz, berriz, Euskal Herri mailako atletismo mitinik garrantzitsuena bihurtu zen, World Athletics Continental Tour Bronze mailara jauzia eginda.
Urteetako erronka
Bada, hazkuntza hori ez da kasualitatea. Antolatzaileentzat «erronka handia» izan dela gogoratu zuen Agirrezabalek, eta antolaketa lanetan ibiltzen diren bolondres guztiei eskerrak emateaz gain, diruz laguntzen duten babesteak ere gogora ekarri zituen: «Urtez urte pilatutako esperientziaz gain, finantziazio handiagoa lortu dugu eta bultzada handia eman digu horrek».
Hala eta guztiz ere, orain hamar urte abiarazitako helburu berari eusten diote oraindik: publikoari kalitatezko atletismoa eskaintzea eta atletentzako proba erakargarriak izatea, betiere ekimenaren balioak mantenduta. Berdintasuna eta inklusioa. Horrek erakusten du emakumeen parte hartzea handitu izana eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako proba mantendu izana. Zentzu horretan, urtez urte berrikuntzak gehitzen doazela jakinarazi zuen Agirrezabalek, baita aurtengo edizioan ere.
Berrikuntzez betea
Iazko esperientziaren ondoren, luzera jauzia lekuz aldatu eta horren ordez, segurtasunari eta erosotasunari begira, harmaila gehigarriak jarriko dituzte Altamirako estadioan, guztira 1.200 ikusle eserita egotea bermatuta. Familiei eta gaztetxoei zuzendutako eskaintza ere zabalduko dute, eta puzgarriak izango dira estadioaren ondoko aparkalekuan, 17:00etatik 20:30era bitartean.
Horrez gain, kirol jardueratik harago ere zabaldu nahi izan dute eragina, eta hitzordu berezi bat finkatu dute gaurko, Beasainen. Emakumeak atletismoan izeneko hitzaldia egingo dute, hamarkada ezberdinetako emakumeak bilduta: Naroa Agirre, Sara Villasante, Amaia Andres eta Itziar Ferran. 19:00etan hasiko da, Igartza jauregian. Ikuskizunaren alorrean ere egingo dituzte urratsak aurtengoan: argiztapenaren arloan espezializatutako enpresa bat kontratatu dute, ikusgarritasuna handitzeko asmoz.
Atleta nabarmenenak:
100 metro
- Desiree Henry: Marka pertsonal onena: 11.06.
- Ander Garaiar: 10.28. Euskadiko errekor absolutua (2025) eta Europako sub20 txapelduna (2025).
- Eric Cardoso: 9.93.
- Felipe Bardi: 9.96.
- Guillem Crespi: 10.18.
400 metro
- Printassia Johnson: 50.53.
- Eva Santidrián: 51.35.
- Oscar Husillos: 44.73.
- Markel Fernandez: 45.95.
800 metro
- Rocio Arroyo: 1.59.17.
- Lorea Ibarzabal: 1.59.60.
- Marta Mitjans: 1.59.88.
- Daniela Garcia: 2.00.05.
- Martin Segurola: 1.47.75.
- Moad Zahafi: 1.43.69.
1500 metro
- Marina Martinez: 4.03.33.
- Mariano Garcia: 3.35.53. Munduko txapelduna Pista Estalian (2026).
100 metro hesiak
- Lerato Pages: 13.06.
110 metro hesiak
- Asier Martinez: 13.14. Brontzea Munduko Txapelketan (2022), urrea Europako Txapelketan (2022), urrea Europako sub23 Txapelketan (2021), bi aldiz Espainiako Txapeldun (2020, 2022) eta Olinpiar Jokoetan 6. postua (2021).
Luzera
- Fatima Diame: 8.64 metro. Bi aldiz brontzea Munduko Txapelketan (2024, 2025) eta 8 aldiz Espainiako txapeldun luzera jauzian.
- Irati Mitxelena: 6.76. Espainiako Txapeldun (2022).
- Lester Lescay: 8.35. Brontzea Europako Pista Estaliko Txapelketan (2025).
- Jaime Guerra: 8.17.
- Iker Arotzena: 7.85.
Pisua
- Belen Toimil: 18.80.
- Maria Vicente: 13.84.
Ordiziako Mitin jasangarri eredugarria
Jasangarritasunaren arloan urrats nabarmena egin du atletismoaren jaialdi handiak, eta urteetan zehar ingurumen-irizpideak antolakuntzan txertatzeko egin duen lana aitortzeko bidean, ziurtagiri bat jaso du gaur goizeko aurkezpenean Eneko Agirrezabal Txindoki atletismo taldeko lehendakari eta Ordiziako Mitineko arduradun nagusiak. Ekimenaren konpromiso iraunkorra eta arduratsua egiaztatzen duen ziurtagiria dela jakinarazi dute.












