«Franco agintean egon ez balitz, seguruenik ETA ez zen existituko»
‘Franco-ETA, la extraña pareja’ izeneko liburua aurkeztu berri du Mikel Urretabizkaiak (Ordizia, 1953). Kazetariak Francoren diktaduraren eta ETAren arteko harremana aztertu du lan berrian, ikuspegi historikoa eta bizipen pertsonalak uztartuta.
Mikel Urretabizkaia, Ordiziako plazan. Izaro Villarreal Dibulgazio helburuz idatzitako lana izan da, eta memoria historikoaren transmisioaz, gazteen ezagutzaz eta gatazkaren inguruan eraiki den kontakizunaz hausnartu du. Urte eta erdi behar izan du ostegunean jaioterrian aurkeztu zuen lana ontzeko.
Nola sortu zitzaizun liburua egiteko ideia?
Aspalditik nengoen kezkatuta ETAren eta Francoren diktaduraren inguruan dagoen ezagutza faltarekin. Ni diktadura garaian jaio nintzen, eta, beraz, ez da hain urrutiko errealitatea niretzat. Hala ere, batez ere gazteen artean, iruditzen zait garai horren inguruko ezagutza oso urria dela. ETAren inguruan zertxobait gehiago jakin dezakete, duela urte gutxi amaitu zelako haren jarduna, baina frankismoari buruz ia ezer ez.
“Nire tesi nagusiena da bi ETA bereizi behar direla: diktaduraren garaikoa eta ondorengoa”
Kezka horretatik abiatu nintzen. Helburu pedagogikoa izan dut: dibulgazio lana egitea eta nire belaunaldiaren testigantza jasota uztea. Historialariek ikerketa ugari egin dituzte gai honen inguruan, baina bizipenetan oinarritutako lan gutxiago daude.
Zein hutsune bete nahi izan duzu?
ETAren inguruko libururik ez dago kasik. Julen Madariagaren liburu bat dago, eta nik ere Iñaki Rekarte ETAko kide damutuaren inguruko liburua idatzi nuen, baina bestelako ikuspegitik. Erakundeko kideen testigantza falta dago, eta garrantzitsua da hori. Garrantzitsua da Francoren garaiko ETA ulertzea; izan ere, nire tesi nagusiena da bi ETA bereizi behar direla: diktaduraren garaikoa eta ondorengoa.
Liburuan diozu Francoren eta ETAren artean harreman zuzena dagoela.
Batzuentzat ETAren helburua ez zen diktadurarekin amaitzea, baina nire ustez, nahiz eta independentzia edota lurraldetasuna bezalako helburuak ere eduki, diktaduraren aurkako erreakzio gisa sortu zen erakundea. Franco agintean egon ez balitz, seguruenik ETA ez zen existituko. Ez dut uste Adolfo Suarezen aurka edo Errepublikaren aurka sortuko zenik. Diktadura betean jaio zen ETA, eta demokrazian jarraitu zuen. Hor dago nire planteamenduaren gakoa; 2011n eten zuen jarduera armatua, baina ez zuen helburu bat bera ere lortu. Franco hil zen, bai, baina ohean eta heriotza naturalaren ondorioz.
Bestalde, uste dut ETAren existentziak berak nolabaiteko itzala bota diola diktaduraren memoriari. Frankismoak eragindako sufrimendua bigarren plano batean geratu da sarritan, eta hori ere azpimarratu nahi izan dut.
Izenburura ere ekarri duzu lotura hori. Zergatik?
«Bikote bitxia» direlako. ETAren historiako mugarri nagusietako bat Carrero Blancoren atentatua izan zen. Garai hartan, Franco estatuburu zen, eta gobernuburu kargua Carrero Blancori eman berria zion. Hura izan zen haren oinordeko politiko nagusia, eta ETAk hil zuen. Bi fenomenoak ulertzeko ezinbestekoa da bata bestearen testuinguruan aztertzea.
“Liburuan 300 erreferentzia inguru bildu ditut, nire iritzia ez ezik, beste egile eta ikerlarien ekarpenak ere txertatzeko”
Noiz bihurtu zenuen kezka hori benetako proiektu?
Hasieratik argi nuen ez nuela ikuspegi pertsonal hutsetik idatzi nahi. Horregatik, dokumentazio lan handia egin dut. Liburuan 300 erreferentzia inguru bildu ditut, nire iritzia ez ezik, beste egile eta ikerlarien ekarpenak ere txertatzeko. Subjektibotasunaren barruan, objektibotasuna bilatzen saiatu naiz, baina ez da erraza izan, guztiok baikara subjektiboak.
Testuinguru historiko zabala eskaintzen duzu liburuan. Zergatik?
Istorioa ez da diktadurarekin hasten. XX. mendearen hasierara egiten dut atzera, gero Gerra Zibilean protagonismo handia izango zuten militar afrikanisten jatorria azaltzeko. Esaterako, Lizarrako Arapiles batailoiko buruzagi baten historia jorratzen dut. Marokon izandako esperientziek eta urteetan izandako gertakariek lotura zuzena izan zuten gerora Espainian garatu ziren dinamika militarrekin. Horrelako pasarteek erakusten dute historiako gertaerak ez direla isolatuta ulertu behar; denak daude elkarri lotuta.
“Ordizian eta inguruan gertatutako hainbat istorio berreskuratu nahi izan ditut”
Ba al da Goierriko pasarterik?
Bai, bereziki Ordiziakoak. Fikziozko atal batean, esaterako, herrian tropa matxinatuak nola sartu ziren kontatzen dut. «Udaletxeraino iristen dira, eta une batean teniente koronel batek galdetzen du ea matxinatuen bandera jarrita dagoen. Orduan ohartzen dira aretoaren bazter batean ikurrina dagoela oraindik, eta kentzeko agintzen dute».
Horrelako pasarteen bidez, Ordizian eta inguruan gertatutako hainbat istorio berreskuratu nahi izan ditut, tokiko memoria historikoa ere liburuaren parte izan dadin.













