Guztira elkarteko hamahiru kide lehiatuko dira txapelketan, eta hainbat kategoriatan banatuta hartuko dute parte. Txapelketa asteburu honetan jokatuko da AlemaniakoWiesmoor herrian

MINOLTA DIGITAL CAMERA
Almitza Sega Elkarteak Alemaniako Wiesmoor herrian jokatuko den Europa mailako Nazioarteko Sega Txapelketa Nagusian parte hartuko du asteburuan.
Garikoitz Llobregat elkarteko kidearen esanetan, guztira 200 segalarik hartuko dute parte, eta horietatik hamahiru izango dira Almitzako ordezkariak. «Bakarka eta taldeka jokatu beharreko proba ezberdinetan hartuko dugu parte».
Gizonezkoen maila nagusiko kategorian Miel Mari Jauregi
Altzo, Iñaki Izagirre, Xabier Mendizabal eta Urko Galarraga zaldibiarrek hartuko dute parte.
Emakumeen maila nagusiko kategoriari dagokionez, Anttoni Irastorza eta Nekane Amondarain zaldibiarrak, Haizea Arruti itsasondoarra eta Ixabel Ansa aranoarra (Nafarroa) izango dira ordezkariak.
Era berean, gizonezkoen mailan 60 urtetik gorako kategorian ere lehiatuko dira Joakin Garmendia anoetarra, Koldo Arzelus tolosarra, Pako Txapartegi azpeitiarra, eta baita gizonezkoen maila nagusiko kategorian lehiakidea izango den Altzo Jauregi zaldibiarra ere.
Banakako lehia azkartasun proben bidez burutuko dute. Taldeka berriz, lau segalariko taldeak osatuta lehiatuko dira aurrez aipatutako kategorien baitan. Era berean, txapelketaren barruan sartzen den Sega Pikatze Txapelketa Nagusian ere lehiatuko dira.
Astebeteko egonaldia
Almitza Sega Elkarteak jakinarazitakoaren arabera, gutxi gorabehera astebeteko egonaldia egingo dute, asteburuko lehiaketa kontatuta eta joan-etorriko bidaia barne. Llobregaten arabera, gaur abiatuko dira hiru furgonetatan, eta helburua «Bruselara iristea» izango da. Bertan gaua igaro ostean, bihar iluntzerako espero dute Wiesmoorrera heltzea.
Asteburua txapelketan pasa ostean, datorren asteazkenerako, hilak 22, itzultzea aurreikusten dute elkarteko kideek.
Gaztetxoei ere deia
Dena den, ez dira Europa mailako txapelketa honekin amaituko Almitza Sega Elkarteak datozen egunetarako antolatuta dituen lehiaketak. Hain zuzen, ekaineko azken asteburuan, hilaren 25ean, 16 urte azpikoen gaztetxoen banakako sega lehiaketan, parte hartzeko deia luzatu dute. Era berean, taldekako helduen txapelketan parte hartzeko aukera ere egongo da.