Bihar Segurako plazan aurkeztuko dute dantza txapelketaren 40. urteurrenaren harira. San Joan txirrindulari proba, eta toka eta bola txapelketa ere jokatuko dira festa aurreko asteburuan

Langileen protesta, gaur. Argazkia: LAB
Olaberriko Arcelor Mittal lantegian lanuzteak egiten ari dira langileak, enpresari lan hitzarmena negoziatu dezala eskatzeko. 2015ean bukatu zen hitzarmen hori, eta harrezkero luzapenean daude. Hitzarmena ne- goziatzeko, inbertsioak egiteko eta lanpostuak sortzeko eskatu diote enpresari.
Imanol Garmendia LAB sindikatuko delegatuak azaldu duenez, enpresa batzordeak 2013-15 eperako bariabilitatea onartu zuen, soldatak murriztuz eta lan orduak gehituz. Baina akordio horrek «ez luke 2016rako balio behar, eta negoziatzeko» eskatu diote zuzendaritzari. Epaibidera ere jo dute langileek, eta Donostiako auzitegiak langileen aldeko epaia eman duela azaldu du Garmendiak.
Ekaina iritsi eta oraindik negoziaziorik egon ez dela ikusita, mobilizazioetara jotzea erabaki dute. «Astelehen eta ostiraletan txanda bakoitzeko ordubeteko geldialdiak egiten ari gara». Asteazkenetan, berriz, bi orduko lanuzteak egingo dituzte. Pasa den asteazkenean, esaterako, kotxe-karabana egin zuten.
Gaur 10:00etan dute hurrengo bilera zuzendaritzarekin. Azken bileran «idatziz inongo proposamenik ez» zutela ekarri azaldu dute, baina ahoz, «murrizketekin jarraitu eta gehitzeko asmoa» dutela esan zieten. Horren aurrean, mobilizatzen jarraitzeko deia egin diete langileei.