Gradu amaierako proiekturako, Haztegiren 50. urteurrenari buruzko dokumentala egin du Xabier Aztiriak (Legazpi, 1994), kide batekin. Kimu Berri saria eman die Mondragon Unibertsiteak.

Nolatan egin zenuten Haztegiri buruzko dokumentala gradu amaierako proiekturako?
Nik Olazabalen ikasi nuen, ez Haztegin. Baina Haztegi ikastolako zuzendaria eta irakasle bat unibertsitatera etorri ziren, eta proiektu hori proposatu ziguten. Berez, Asier Iriondoren ideia izan zen, baina berak ez duenez ikus-entzunezko ezagutzarik, ikasle batzuei proposatzea bururatu zitzaion. Ikusi genuen zerbait egin zitekeela, eta horregatik eman genuen pausoa. Bestalde, gertutasunagatik ere bai. Lau urte pasa ditut Arrasatera joan eta etorri, eta Legazpin lan egiteko aukera eskertu egin dut.
Nolakoa izan da dokumentala egiteko prozesua?
Martxoan dokumentatzen hasi ginen, eta gero elkarrizketak egin genituen. Eta azken hiru asteetan edo, bideoa egiten hasi ginen. Elkarrizketak eta beste xehetasun batzuk grabatu genituen, eta horrekin osatu dugu dokumentala.
Noren testigantzak jaso dituzue?
Batetik, hasierako guraso batzuenak: Felix Gastañaresenak eta Eugenia Goitiarenak. Horrez gain, Haztegiko historiaren zati izan den jendea bildu dugu: Jone Dorronsoro —ikaslea izan zen eta 25. urteurreneko liburua idatzi zuen—, irakasleak, ikasleak… Jende ezberdina aukeratuz, Haztegiren errealitatea kontatu nahi izan dugu.
Kimu Berri saria eman dizuete. Zergatik?
Epaimahaiak ez du dokumentala ikusi, aurkezpenean oinarritu dira saria emateko. Gure aurkezpena berritzailea izan zen, eta uste dut horregatik saritu gintuztela. Bost minututan, epaimahaiari gure proiektua saltzea zen gure eginbeharra. Gainontzeko talde guztiek bide bera hartu zuten: lan akademikoa eta proiektuaren alde teknikoak azaldu zituzten, batez ere. Hemeretzi talde, denok gauza bera kontatzen, aspergarria zela iruditu zitzaigun. Bestalde, lan prozesua nolakoa izan den ere izan dute kontuan; horretarako, irakasleekin hitz egin dute.
Zergatik izan zen berritzailea zuen aurkezpena?
Alde teknikoa azaldu beharrean, dokumentaleko anekdota batzuk kontatzea erabaki genuen. Lau bat anekdota kontatu genituen, eta, horrez gain, dokumentalaren
trailer bat egin genuen. Azken finean, epaimahaian dagoenari berdin zaio hamar elkarrizketa egin ditugun, edo hogeita bost. Arreta deitzeko zerbait egin behar da.
Eta zein anekdota kontatu zenituzten?
Esaterako, hasieran ez zutela materialik. Ondorioz, irteerak egiten zituzten kontzeptuak irakasteko. Adibidez, barraskilo bat zer zer irakasteko, mendira joaten ziren eta bertatik bertara ikasleei erakutsi. Beste batean, inspektore bat joan zitzaien, eta haur bati galdetu zien espainiar bandera nolako zen. Haurrak erantzun zuen gorria, berdea eta zuria zela.
Noiz ikusi ahalko da dokumentala?
Haztegik datorren urtean betetzen ditu 50 urte, eta ekitaldi bat egingo dute urteurrena ospatzeko. Ekitaldi horretan dokumentala aurkeztea da asmoa. Bitartean, ez dugu zabalduko.
Zein izan zen saria?
350 euro eman zizkiguten, bion artean banatzeko. Dena den, diruaz gain, karrerako lau urteak ongi bukatzeko modu bat izan da saria jasotzea. Eta aurrera begira ere, uste dut positiboa dela sari bat irabazi izana. Poza ematen du.
Karrera amaitu duzu. Hemendik aurrera zein asmo duzu?
Ikasten jarraitzea izan ezik, beste edozer gauza. Ahal bada, lana topatu nahi dut ikus-entzunezkoetan.