Jose Maria Martinek irabazi du Loinatz proba
Sergio Gutierrez Vargas izan da helmugaratzen bigarrena, eta Aimar Galdos Alonso hirugarrena. Taldekako saria Euskadi-k eraman du, eta mendikoa Victor Castellanok.

97. Loinatz txirrindularitza proba jokatu da goizean Beasainen, eta Extremadura Pebetero taldeko Jose Maria Martin Muñoz izan da helmuga zeharkatzen lehena. Bigarrena, Gomur Cantabria Infinita taldeko Sergio Gutierrez Vargasek egin du, eta podiuma betetzen azkena, Euskadi Fundazioa taldeko Aimar Galdos Alonso izan da. Taldekako saria Euskadi-k eraman du, eta mendikoa iazko berak eraman du, Gomur taldeko Victor Castellanok.
Elite eta 23 urtez azpikoen mailetan jokatu da proba, eta 100 txirrindulari inguruk parte hartu dute. 09:00etan irten dira ziklistak Beasaingo Gernika Pasealekutik eta denera 155,2 kilometroko ibilbidea egin dute: Salbatore aldera jo dute, eta handik Ormaiztegira iritsi dira. Gabiriara joan dira gero, eta Atagoitin izan dute lehen mendate gaina. Telleriartetik Brinkolara, eta Motxorrotik Atagoitira berriro. Gabiriatik berriz Ormaiztegira abiatu dira, eta Salbatoretik Beasain aldera eginda, Iurretik Olaberrira igo dira. Lazkao, Senpere eta Beasainera bueltatuta, itzuli bera egin dute bi aldiz, baina bigarrengoan Atagoitira igo gabe. Azken itzulian, Beasaindik igaro ondoren, Salbatoretik Arriaranerako bidea hartu dute, eta Mandubia igo. Berriz jaitsi dira, eta Iurre, Olaberria eta Lazkao igarota, Senperetik sartu dira Beasainen, Gernikako Pasealekuko helmugara. Tarteko helmugak Beasaingo hirurak izango dira.





















































