Xabier Irastortza: «Irakaskuntzan udazken beroa izango dugulakoan nago»
Iraileko kurtso hasierarako mobilizazioei eta greba hotsei eutsi die ELA sindikatuak. Irakaskuntzan jaurlaritzaren murrizketak ez dituztela onartuko dio Xabier Irastortzak.Irakaskuntza publikoan eta itunpekoan ezinegona dago. Zerk sortu du alarma?Duela...
Irakaskuntza publikoan eta itunpekoan ezinegona dago. Zerk sortu du alarma?
Duela lau aste Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak egindako adierazpenek. Irakastorduak gehitzea eta ordezkapenak 10 egunera atzeratzera eskatzen duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia betetzeko asmoa duela gobernuak adierazi zuen. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, bai irakaskuntza publikoan eta bai itunpekoan, bi irakastordu gehiago ematea suposatuko luke, 23 ordutik 25era pasatzea. Bigarren Hezkuntzan, irakaskuntza publikoan, 17-18 ordutik 20ra. Eta, horrekin batera, ordezkapenak 10 egunera arte atzeratzea.
Zer arrazoi eman du jaurlaritzak aldaketa horiek egiteko?
2012an Espainiako Gobernuak, bere murrizketa planaren barruan, irakastorduak gehitzea eta ordezkapenak 10 egunera atzeratzea ezarri zuen, beste murrizketa batzuen artean. Jaurlaritzak, bai PSE-EErenak, bai EAJrenak, neurriei aurre egin beharrean, dekretua Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen, eta orain, lau urte beranduago, bueltan dator.
Zer postura duzue ELA sindikatuan egoeraren aurrean?
Bere momentuan, sindikatuok argi adierazi genien murrizketak inola ere ez genituela onartuko, eta orain ere argi adierazi diegu ez dugula onartuko. Jada oso murriztua eta kaltetua dago gure hezkuntza sistema. Gogoratu behar da azken urteetan murrizketa gogorrak inposatu dituela jaurlaritzak. 3.600 lanpostu aurreztu ditu, geletan ikasle gehiago pilatuz eta ordezkapenak atzeratuz edo ez eginez; erretiroa atzeratu edo oztopatu du, soldatak murriztu eta izoztu dizkigu, bajak zigortu… Horrek gogor eraso die lanpostuei, lan baldintzei eta hezkuntza kalitateari, sindikatuok, familiek, ikasleek, hezkuntza eragileek eta beste hainbat eragilek behin eta berriro salatu dugun moduan.
Jaurlaritzak orain egin nahi dituen aldaketek, zer eragin izango dute hezkuntzaren kalitatean, zure iritziz?
Murrizketa hauek ezarriz gero, irakaskuntza publikoan 2.300 lanpostutik gora desegingo lirateke, eta itunpekoan 600dik gora. Guztira, 3.000 lanpostu inguru. Lan-kargak biderkatuko lirateke, eta hezkuntza berdintasuna eta kalitatea kinka larrian jarriko lirateke. Izan ere, irakastorduak gehituz eta ordezkapenen zaintza lanak ikastetxe bereko irakasleen artean egin behar izateak eskola-saioak prestatzeko edota ikasleen jarraipena egiteko apenas utziko duen denborarik. Horrek eragin larria izango du hezkuntza eskubidean, ikasleen arteko berdintasuna, heziketa integrala eta garapen pertsonal eta sozialean.
«Eusko Jaurlaritzari oso ongi datozkio Espainiar estatuaren murrizte dekretuak» «Ez dugu onartuko jada kaltetua dagoen hezkuntza sistema kolpatzeko neurririk»Hezkuntza eskumena ere ezbaian uzten duela salatu duzue. Erabaki honek, jaurlaritzak lehendik ere mugaturik dauden hezkuntza eskuduntzei eta autogobernu tresnei uko egitea esan nahi du, Espainiako estatuaren menpe ezarriz. Are gehiago, jada beste erkidego batzuetan aurrez ezarri dituzten hainbat murrizketa itzultzen ari direnean edo bestelako hobetze neurriak ezartzen ari direnean. Beraz, zer dela eta orain murrizketak burutu nahia? Eusko Jaurlaritzak adierazi digu ez dituela murrizketa neurri gehiago ezarri nahi, baina Konstituzionalaren epaia bete beharrean dagoela. Hori aurrekoetan ere entzun dugu, baina murrizketa gogorrak ezarri izan ditu. 2012ko dekretuak berak jasotzen duen eta aplikatzea «derrigorrezko» ez den gelako ikasle kopurua ere ez zuela inola ere gehituko esan zigun, baina urtez urte %10 gehitu du, 3.600 lanpostu aurreztuz. Eusko Jaurlaritzari Espainiako estatuaren murrizketa dekretuak oso ongi datozkio, bestela ezartzea konplikatuak izango litzaizkiokeen murrizketak ezartzeko aitzakia bikaina ematen baitiote. Horrela egin du soldatekin, ordezkapenekin, bajekin, erretiroarekin, oposizio deialdiekin… Irailerako mobilizazioak iragarri dituzue. ELAk eta gainerako sindikatuek inola ere ez dugu jada kaltetuta dagoen hezkuntza sistema oraindik gehiago kolpatzen duten murrizketa gehiago ezartzerik onartuko, ez ikasturte honetan, ezta hurrengoan ere. Justu kontrako bidean, gure hezkuntza sistema garatuko duten erabakiak hartzea premiazkoa dugu. Gobernuak murrizketa hauek bere osotasunean nahiz modu partzialean ezartzen baditu, sindikatuok, gainerako eragileekin batera, mobilizazioari ekingo diogu, erabateko erantzuna emanez. Zein erantzun? Ekainean jada hainbat elkarretaratze oso jendetsu burutu ditugu ikastetxe askotan eta hezkuntza lurralde ordezkaritzetan. Irailean, Auzitegi Konstituzionalaren epaia gauzatzeagatik murrizketak egin dituztela baieztatzen bada ikasturte hasierarako, greba egunak eta mobilizazio indartsuak burutuko ditugu. Langileak, guraso elkarteak eta beste hainbat eragile jada oso haserretuta gaude, eta ez dugu murrizketa gehiago inola ere onartuko. Uztailean eta abuztuan egoera bideratu liteke, orain? Ekainaren amaieran Hezkuntza Sailarekin izandako bileran jaurlaritzari, ezinbestean, inolako lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea eskatu genion. Gobernuak, asmo on eta murrizketen ondorioak «arintzeko» proposamenez harago, ez zigun murrizketarik izango ez denik bermatu, ordea. Gu prest gaude hitz egiteko eta neurriak indargabetzeko moduak bilatzeko; jada egin ditugu hainbat proposamen. Baina jaurlaritzak neurri berriek inolako ondoriorik izango ez dutela bermatzen ez duen bitartean, iragarritako mobilizazio eta greba proposamenak mantenduko ditugu. Greba hotsei beldurra die jaurlaritzak, hauteskundeen bezperan. Udazken beroa izango dugulakoan nago.













