Hondakinak erretzea ez den beste aukera batzuk aztertuko ditu Zaldibiak
Herriko zaborrak kudeatzeko «eredu propioa» garatu nahi du udalak. Erraustegiaren alternatibak ikertu nahi ditu, aldundiak eraikitzeko lizitazioa hasi bezperan. Usurbilen bidea hartu duZaldibiako Udalak, herenegun burutu zuen osoko bilkuran, «hondak...
Herriko zaborrak kudeatzeko «eredu propioa» garatu nahi du udalak. Erraustegiaren alternatibak ikertu nahi ditu, aldundiak eraikitzeko lizitazioa hasi bezperan. Usurbilen bidea hartu du
Zaldibiako Udalak, herenegun burutu zuen osoko bilkuran, «hondakinak kudeatzeko eredu propio bat» garatzeko bidean, hondakinen tratamendu zerbitzua emateko dauden aukerak aztertzea onartu zuen. EH Bilduren aldeko 7 boto eta Zaldibia Herrigintzanen abstentzioa jaso zuen proposamenak. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Zubietako erraustegia eraikitzeko lizitazioa abiatzea erabaki bezperan, azpiegitura horren aurkako bidea proposatu du Zaldibiak, zaborra tratatzeko beste zer modu dauden ikertuz.Usurbilgo, Hernaniko eta Oiartzungo udalek aurrez hartu duten bidera gehitu da Zaldibiakoa. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016 Plan Orokorra iraungi dela, eta 2017-2030 epeko plana diseinatzeak «hondakinen politika lantzeko eta adosteko aukera» ekarri duela dio onartutako testuak. Egoera horretan, aldundiak erraustegia eraikitzeko asmoari «bere horretan eustea» ez du begi onez ikusi Zaldibiako Udalak.
Zubietako erraustegia eraikitzeko kontratu-eredua eta baldintzak ere deitoratu ditu: eraikuntza, mantenua, martxan edukitzea eta finantza-gastuak enpresa elkarte bati ematea; enpresa horri 35 urtean ordaintzea; baldintzek atzera bueltarik ez izatea, enpresari disponibilitatearen arabera ordaintzea, urtero 32 milioitik 29; esklusibitatea (herri guztiek hondakinak GHKren esku uztea derrigortzea); dirutza (1.568 milioi onartu lizitazioan, horietatik 1.407 administrazioak jarria); eta osasun ondorio kaltegarriak diruz «larrutik» ordaintzea.
Zaldibiako Udalak, «eredu jasangarri baten alde», lau puntuko proposamena onartu du.
Azterketa osoa egitea
Lehenik, hondakinen tratamendua bideratzeko azterketa «integrala» eskatuko du, arlo soziala, juridikoa, teknikoa eta ekonomikoa landuko dituena. Azterketa batzorde bat eratuko du, horretarako. Bien bitartean, Zubietako erraustegiaren esleitze prozedura atzeratzea eskatu die aldundiari eta Sasietari.












