20 urtez azpiko Euskal Selekzioak Oporton jokatuko duen lauko txapelketa Beasainen aurkeztu dute
Portugalen, Txekiar Errepublikaren eta Hungariaren aurka jokatuko du Euskal Selekzioak uztailaren 3tik 5era bitartean. Amets Irastorza beasaindarra taldeko kide da.
Amets Irastorza, Koldo Arsuaga, Leire Artola eta Jon Gonzalez, Beasaingo udaletxean egindako aurkezpenean.Hitza 20 urtez azpiko Euskal Selekzioak Oporton (Portugal) jokatuko duen lauko txapelketa aurkeztu dute gaur Beasaingo udaletxean. Euskal Saskibaloi Federazioak eta Beasaingo Udalak azken urteetan izandako harremanaren harira egin dute aurkezpena Beasainen. Selekzioak bertan egingo du kontzentrazioa Portugalera joan aurretik. Hiru partida jokatuko dituzte, Portugalen, Txekiar Errepublikaren eta Hungariaren aurka. Amets Irastorza beasaindarra taldeko kide da.
Koldo Arsuaga Euskal Saskibaloi Federazioko ordezkariak federazioarentzat “txapelketa garrantzitsua” dela nabarmendu du, ofizialtasuna bilatzen baitute selekzio askok: “Lortu dugu gonbidapena jasotzea. Ez da batere erraza, nazioen arteko txapelketetara normalean ez dituztelako gonbidatzen Euskadi bezalako taldeak. Partidak egin ohi ditugu, baina txapelketa bat erronka berri bat da guretzat”.
Eskerrak eman dizkie BKL klubari zein Beasaingo Udalari, instalazioak utzi izanagatik eta elkarlanean aritu direlako. Kontzentrazioa egin dute joan den asteburuan Beasainen, bihar ere bertan entrenatuko dute eta bertan kontzentratuko dira berriz Portugal aldera abiatu aurretik. “Alde horretatik, Beasainen egiten dugu aurkezpena azken boladan harreman handia izaten ari garelako”.
Helburua, lehiakorrak izatea
Uztailaren 3an, ostiralean, Portugal izango du aurkari Euskal Selekzioak. Uztailaren 4an, larunbatean, Txekiar Errepublikaren aurka jokatuko du, eta uztailaren 5ean, igandean, Hungariaren aurka. Hiru aurkariak Europako txapelketa prestatzen ari dira, hilabete baino gehiago kontzentratuta egonda horretarako. Euskal Selekzioaren prestakuntza horren luzea izan ez bada ere, Jon Gonzalez hautatzailea baikor agertu da, maila emateko gai direla baieztatuta: “Lehiatzeko gai ikusten gara, Euskadiko saskibaloia non dagoen erakutsi nahi dugu, horretarako entrenatu dugu eta prest gaudela iruditzen zaigu”. Lehiakorrak izatea da federazioaren helburua, horrek ematen baitie taldeei nazioartean jokatzeko aukera Arsuagaren esanetan: “Lehiakorrak izateak ematen digu aukera beste selekzioekin harremanetan egoteko. Euskal Herriaren irudia islatzeko oso esperientzia ona da”.
Amets Irastorza hegal pibot beasaindar eta BKL-ko jokalari ohiak berarentzat “une oso berezia” dela aitortu du: “Atzerriko txapelketa batean Euskal Selekzioarekin jokatzea ohore bat da”. Kontzentrazioan talde “polita” sortu dutela azaldu du, “entrenatzen gogor eta lehiakor eta momentu libretan talde ona sortuz”. Lehiatzeko prest dago: “Gure helburua Euskal Herriko maila nabarmentzea da, eta horretaz gain disfrutatzea, ondo pasatzea, lehiatzea eta, bereziki, irabaztea”.
“Maila handiko jokalariak” izango dira txapelketan hautatzailearen arabera, eta horrek jada “esperientzia ahaztezin bat” bilakatuko du bidaia. Leire Artola alkateak zorterik onena opa die: “Giro ona eduki dezazuela, entrenatu dezazuela eta gozatu dezazuela”.













