Boluntario taldeen lanaren erakusleihoa izango da larunbatean Beasain
Larunbatean izango da, 10:00etatik 14:00etara, Gernika pasealekuan. 23 talderen lana ezagutzeko aukera izango da. Txilibutxof aisialdi taldea omenduko dute
Hamabosgarren aldiz egingo dute Beasainen Boluntario Eguna. Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara bitartean, boluntario taldeek eta elkarteek egiten duten lanaren erakusleiho bilakatuko da berriro ere Gernika pasealekua (euria ari badu plaza azpian). Puzgarriak ere izango dira. 23 elkartek jarriko dituzte postuak, egiten duten lanaren erakusgarri: Nagusilan, Gurutze Gorria, Asmube, Alkoholiko Anonimoak, Txolarte, Esku Batuak, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Haurralde, Bategite, Gazteak eta Garapena, Bakerako Lankidetza Batzarrea, Proega, Aranealde, Caritas, Txilibutxof, Herriak Elkarlanean, Gipuzkoako Odolemaileak, Fisc, Mundubat, Tximelagua, Al Anoon.
Postuak jarri eta informazioa banatzearekin batera, hainbat ekintza osagarri ere egingo dituzte, 11:00etatik aurrera. Minbiziaren Aurkako Elkartearen postuan, txapak egiteko aukera izango da; Herriak Elkarlanean Erakundean bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte; Haurralde fundazioan azoka txikia eta argazki erakusketa jarriko dituzte; Algamar elkartean, henna tailerra, Asmube Elkartean xake tailerra; eta Proydek joko kooperatiboak antolatuko ditu.
Patata tortilla lehiaketa
12:30ean, elkarteen arteko patata tortilla lehiaketa egingo dute. Jose Ignacio Urkiola (Urkiola) , Veronica Varela (Xerbera) eta Iñigo Sanchez (Batzokia) sukaldariek osatuko dute epaimahaia. Egunarekin amaitzeko, 13:00etan, Txilibutxof taldeak omenaldia jasoko du. 13:30ean azkenik, Gurea abesbatzaren emanaldia izango da.













