Kulturarteko Topaketa Astea egingo da Ordizian kultur aniztasunaren alde
Ordiziarren artean, %74 Euskal Herrian, %12 Espainian, %6 Europako Batasunean eta % 8 beste lurralde batzuetan jaiotakoak dira. Azaroaren 2tik 13ra ekintza ugari egingo dira
Ordiziako Udaleko Aniztasun sailaren helburu nagusia «jatorri ezberdina duten pertsonen arteko elkarbizitza sustatzea» da. Horretarako, Udal Harrera Sare Integral bat eratu dute, eta bertan arlo eta eragile guztiek parte hartzen dute. Sare horren bitartez, migrazio eta aniztasunaren ikuspegia udalerriko arlo ezberdinetan txertatu nahi dute, «eragile guztiak subjektu eraldatzaile bihurtuz». Helburu horietara iristeko, Aniztasun sailak hainbat puntu izango ditu kontuan: euskara eta euskal kultura, jatorri ezberdinetako pertsonen hizkuntza eta kultura, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, egoera gutxituan daudenen behar espezifikoak eta, elkarbizitzarako arau bezala, bizilagun guztien eskubide eta betebeharrak .
Helburu horiek betetzen joateko asmoarekin dator Ordizia Kolore Kulturarteko Topaketa Astea. Hori dela eta, azaroaren 2a eta 13a bitartean ekintza ugari izango dira herrian, hala nola, pintxo-pote kulturanitza, ipuin kontalariak edo Goazen Ordizia berezia.
EGITARAUA · Asteazkena, 2. Pintxo-pote kulturanitza, Batukadak lagunduta · Asteartea, 8. Ipuin kontalariak, arabieraz eta euskaraz, Barrenan, 17:15ean. · Asteazkena, 9. Almanya, ongi etorri Alemaniara filma ikusgai. · Osteguna, 10. Goazen Ordizia berezia. · Larunbata,12. Munduko arrozak dastatzeko aukera, Plaza Nagusian, goizean. Aldi berean henna eta tearen zeremonia. Herriko bertsolariak ere egongo dira. 17:00etan, berriz, cricket erakustaldia, pilotalekuan. · Igandea,13. Bizilagunak egitasmoa, SOS arrazakeria elkarteak bultzatuta.













