Jazpana Fest! jendetsua izan da bere zortzigarren edizioan. Azken orduan iragarri zuten Belako biztaitarrak Beasainen joko zuela. Last Train azkenean ez zen etorri

Bernedo-eneko karpa goraino bete da aurten ere, Jazpana Fest jaialdiarekin. // Argazkiak: Garbiñe Irizar:
Zortzigarren urtez jarraian, Jazpana Fest! jaialdia egin dute asteburuan Beasainen, eta antolatzaileak «oso pozik» agertu dira. Kontzertuen «maila handia» eta jendearen harrera ona azpimarratu dituzte; aurreko edizioetan baino «jende gehiago» izan dela diote, larunbatean batez ere. Urtetik urtera «indartzen» doan jaialdia dela ere nabarmendu dute. Horretaz gain, Jazpanak eskaini dituen bestelako ekintzetan ere parte hartzea «handia» izan dela gehitu dute.
Ostiralean hasi zituzten kontzertuak eta bi egunetan, 13 talde pasatu dira eszenatokitik. Ostiralean, Barracuda Goierriko taldeak ireki zuen jaialdia eta Monte del Oso eta Viva Belgradok jarraitu zien, besteak beste. Larunbatean ere, Goierriko talde bat izan zen lehena eszenatokira igotzen, Unidad Alavesa ataundarra, hain zuzen. Haien segidan, beste batzuen artean, Grises, Morgan, John Berkhout eta azken orduko sorpresa izan zena, Belako talde bizkaitarra. Kartelean agertzen ez baziren ere, keinu bat egin zien antolakuntzak musikazaleei. Larunbatean 12:00etan iragarri zuten Belakok Jazpanan joko zuela.
Bestalde, jaialdiaren kartelean Last Train talde frantziarra agertzen bazen ere, jaialdia baino hiru egun lehenago atzera bota eta Peachy Joke tolosarrek bete zuten haien lekua.
Erronka zaharrak betetzen
Jazpanaren antolatzaileek bazuten aspalditik erronka bat; jaialdia familientzako ere plana izatea. Eta lortu dute. Reziklantes taldeak instrumentu birziklatuen tailerra eman zuen eta gero, kalejira eta kontzertua egin zuten Bideluze plazan. Jende askok parte hartu zuen tailerrean eta kontzertua ere, jendez bete zen.