Mozorrorik eta odolkirik onenak
San Andres jaien barruan larunbatean mozorroak eta igandean odolkiak izan ziren protagonista. Gaur danborrada eta bihar, zaindariaren egunarekin amaituko dituzte festak.
Eguraldia lagun, eta ostiraleko txupinazo indartsuarekin, giro onean joan dira festak Ormaiztegin. Larunbatean, mozorroak izan ziren protagonista. Irudimen handiko mozorroak ikusi ahal izan ziren eta mozorro lehiaketan, helduen saria Ijituen postuak eraman zuen eta haurrena, Txikiteroek.
Igandean, berriz, odolkiaren txanda izan zen. Beasaingo Olano harategiak irabazi zuen30. Odolki txapelketa. Odolkia egiteko osagaien lehiaketako sariak, berriz, Juanita Murgiondok eta Maria Jesus Oriak jaso zituzten. Odolkiarekin egindako platerik onena Karmele Dorronsororena izan zen; eta aurkezpen oneneko plateraren saria, berriz, Edurne Mendizabalena izan zen.
Odolki egunean omenaldirako tartea ere hartu zuten ormaiztegiarrek. Batetik, Busca Isusi omendu zuten, bere jaiotzaren 100. urteurrenean. Bestetik, Ane Mujika gozogilea ere gogoan izan zuten. Ramon Roteta sukaldaria eta Juan Jose Lapitz gastronomoa izan ziren bertan.
Gaur, helduen danborrada
Gaur eta bihar ere festa giroa izango da Ormaiztegin. Gaur, 23:00etan, helduen danborrada izango da. Aurretik, 21:00etan, helduen danborradako partaideen afaria izango da Zubipe kiroldegian.
Bihar, berriz, zaindariaren eguna izango da. Egun osoan, kiroldegian, haurrentzako parkea jarriko dute. Goizean, 11:30ean Urmaiz abesbatzak abesturiko meza, 12:00etan hamaiketakoa eta 13:00etan herri kirolak izango dira. Arratsaldean, 17:30ean A Fuego Lento eta 19:00etan Demode Quartet taldearen kontzertua izango dira.












