Javi Perez arkitekto beasaindarrak 'www.gurearbasoak.eus' webgunea jarri du martxan; Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko artxiboak arakatuz ikerketa genealogikoak egiten ditu.

Javi Perez arkitekto beasaindarrak urteak daramatza unibertsitatean lanean eta eraikitako ondarearen inguruko hainbat ikerketa proiektutan murgilduta. Batez ere, 1480 eta 1600 urte bitarteko garaiak aztertu izan ditu. Ikerketa horien ondorioz, «garai hartako idatziekin familiarizatu behar izan nuen, ikasi egin behar izan nuen, idatzi horiek irakurtzen», dio Perezek.
Testamenduak, ezkontza hitzarmenak, salerosketa hitzarmenak… dokumentu ugari aztertu ditu. «Gaur egungo euskal abizenekin antzekotasun asko dauzkate eta egun batean kasualitatez nire bikotearen aitaren bigarren abizena zuen dokumentu bat aurkitu nuen». Arrastoari tiraka hasi eta familiartekoak zirela ikusi zuen. «Bide horretan ikusi nuen Zumalakarregi jeneralarekin arbaso amankomun bat bazuela. bikotearen aitarena egin nuen, gero bere amarena, gero beste familiako batena…».
Ingurukoei gustatu eta enkarguak pilatzen hasi zen beasaindarra. Azkenean, webgune bat egin eta «nahi duenari aukera ematea pentsatu nuen», azpimarratu du Perezek, izan ere, «gure arbasoen historia arduraz zaindu beharreko ondarea delako». Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko artxibategietako dokumentuekin egiten du lan. Beasaindarraren esanetan, «berez lan hau edozeinek egin dezake; Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako eliz barrutiko artxibategiak on line daudelako; dena dela, esperientzia pixka bat eduki behar da».
Sei belaunaldi
Ikerketa genealogikoarekin pertsona bakoitzaren sei belaunalditako familiaren aztarnak bilatzen ditu Perezek, 1720-1760 urte artekoak, «128 abizenak ezagutu arte» alegia. Bikotearen ikerketa genealogikoa egiten duenean, berriz, 256 abizenak ezagutzeko aukera izaten da. Lan hori egiteko, eskatzaileak aitona-amonen izen-abizenak eta jaiotze datak helerazi behar ditu. «Normalean webaren bitartez nirekin harremanetan jartzen baldin bada, formulario moduko bat bidaltzen diet betetzeko. Batetik, norentzat den, genogramaren subjektua nor den eskatzen da». Horrekin batera, subjektua 1940tik aurrera jaioa bada, «gurasoen eta lau aitona-amonen izen-abizenak eskatzen dizkiet. Aitona-amonen jaiotze datak oso garrantzitsuak dira, aitona-amonen agiria bilatu behar baita lehenengo», zehaztu du Perezek. Subjektua 1940. urte aurretik jaioa baldin bada, berriz, nahikoa izaten da gurasoen jaiotze datarekin eta izen-abizenekin. «Normalean 1720-60 tarte horretan bilaketa nahiko erraza izaten da, jaiotza agirian lau aitona-amonen bi abizenak beti daudelako. Baina 1750 urtetik atzera, aitona-amonen daturik ez da azaltzen».
Txukun maketatuta
Ikerketa egin ondoren, familiaren zuhaitza txukun maketatuta jartzen du Perezek Din A2 edo Din A1 neurrian. «Orriaren formatuaren arabera muga bat daukat, irakurtzeko gai izan eman behar baita… Eta aldi berean, papera ere ezin da handiegia izan… bestela ez litzateke erabilgarriegia izango».