Zumarragarrak jaietan murgilduta daude. Ostiral eta larunbatean hotza eta euria izan dira nagusi. Santa Isabel egunean ez du euririk egin eta bete-betean gozatu ahal izan dute jaiaz
Zumarragarrek Santa Isabel jaiak ospatu dituzte asteburu honetan. Santaisabelak izan dira, bai, nahiz eta santalutziak ziruditen. Euria, hotza… turroi saltzaileak bakarrik falta ziren. Dena den, eguraldiak ez ditu zumarragarrak kikildu. «Ura behar genuen, ala? Ba bota dezala! Gora Santa Isabel jaiak!».
Aurreko aste osoa nazkagarri samar joan zen eta haurrek ere sufritu zuten udazkeneko giro hau. Asteartean puzgarriak La Salle-Legazpi ikastetxeko patiora eraman zituzten euri arriskuagatik. Eta txu-txu trena leihoak itxita ibili zen.
Baina okerrena heltzear ze-goen. Ostiral gauean sekulako hotza egin zuen eta, hori gutxi balitz, ez zion euria egiteari utzi. Ilargi Beltza taldeko abeslariak txamarra jarrita eman behar izan zuen kontzertua. Plaza ia hutsik zegoen.
Danborrada
Danborradakoek, berriz, ohi baino ibilbide motzagoa egin zuten. Zirak soinean zituztela. Bandakoek arkupetan jo zuten, urarekin instrumentuak izorratu egiten baitira. Baina jo zuten. Beti bezala, une hunkigarriena Zumarraga ereserkia jotzearekin bat heldu zen. «Zumarraga, gure herri maite…». Zu maite zaitugu, baina zure klima ez!
Jendeak tabernetan eta arkupetan egin behar izan zuen parranda. Hala ere, gehienak bustita eta hotzez akabatzen heldu ziren etxera. Baina pozik.
Larunbatean euri gutxiago egin zuen, baina eguzkiak desagertuta jarraitu zuen. «Hau hotza! Zer dira Zumarragako Santa Isabel jaiak ala Legazpiko santikutzak?». Dantza libreko txapelketa Zelai Arizti aretoan egin behar izan zuten, zezen plazako ekitaldi guztiak bertan behera gelditu ziren… baina zumarragarrek kantuan eta dantzan jarraitu zuten.
Errekortadoreen ikuskizuneko sarreren dirua berreskuratu nahi dutenek kultur etxera jo behar dute, gaurtik ostiralera.
Igandean Santa Isabel eguna zen, baina zumarragarrak lasai zeuden: bazekiten Antioko amatxok miraria egingo zuela eta udako giroa itzuliko zela. Miraririk ez zen egon, baina ia: euririk ez zuen egin behintzat. Hala, behingoz, ekitaldi guztiak iragarri bezala eta aire librean egin ahal izan ziren. Atzo ere hala izan zen: zezen plazako ekitaldiez, musika emanaldiez eta idi probez mauka motzetan gozatu ahal izan zuten.
Gaur, bihar eta ostiralean, paleta txapelketako azken partidak Zelai Ariztin
Zumarragako Santa Isabel jaiak ez dira bukatu oraindik. Gaur, bihar eta ostiralean paleta txapelketako azken partidak jokatuko dira Zelai Arizti pilotalekuan eta igandean Jubilatuen Eguna ospatuko dute.
Gaur, 19:30ean, lehen finalaurrekoa jokatuko dute: Epelde eta Arume azkoitiarrak Ormazabal eta Goiburu ordiziarren aurka arituko dira. Bihar, 20:00etan, Aizpuru eta Bikutze azpeitiarrek Gomez eta Rodriguez zumarragarren aurka jokatuko dute. Finala ostiralean izango da, 20:00etan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.