Ekarpenak jaso eta erantzun
Hondakinen gaiarekin lotutako parte hartze prozesuan 321 segurarrek hartu dute parte. Irailean hondakinen bilketa sistema erabaki eta aurkeztuko du udalakDuela hiru urtetik Seguran martxan dagoen hondakin bilketa sistema eredua hobetzea izan du helburu...
Hondakinen gaiarekin lotutako parte hartze prozesuan 321 segurarrek hartu dute parte. Irailean hondakinen bilketa sistema erabaki eta aurkeztuko du udalak
Duela hiru urtetik Seguran martxan dagoen hondakin bilketa sistema eredua hobetzea izan du helburua Eta zuk zer diozu? izeneko hondakinen gaiaren inguruko adostasunerako herri hausnarketak. Parte hartze prozesuan 321 segurarrek hartu dute parte; biztanleen %18ak, hau da, etxebizitzen %32ak. Ekarpen gehienak 101, atariz atariko bileretan jaso dituzte. Udalak «oso positiboki» baloratu du parte hartze prozesuak emandakoaEkarpen horiek lau multzotan sailka daitezke Eñaut Telleria alkatearen esanetan. Batetik, sistemarekin ados edo kontra daudenak; bestetik, gaur egungo sistemarekin ados egon arren moldaketa edo aldaketa batzuk proposatzen dituztenak; eta, azkenik, hondakinen gaiarekin lotura duten kexak eta zalantzak. Ekarpen horietatik ateratako ondorioen arabera, nahiz eta %67a oraingo sistemarekin ados egon, aldaketa batzuk egitea beharrezkoa da.
Ekarpenei eta proposamenei erantzuna emateko txostena banatu dute etxeetan; udalaren webgunean ere kontsulta daiteke. Bilketa sistemari dagokionez, prozesuan parte hartu duen herritarren %37k bilketa sistemarekin arazoak dituztela adierazi dute. Atez ateko sistema oso deserosoa dela, organikoaren bilketaren maiztasuna eskasa dela eta asteburuetan organikoa eta fardelak atera ahal ez izatea arazoa bilakatzen dela uste dute. Hori dela, atez ateko bilketa erabat aldatzeak (5 edukiontzien bidezko sistema ezarriz), edo gaur egungo eredu mistoko bilketari hobekuntzak egiteak duten bideragarritasuna aztertu du udalak.
Bi eredu
Bost edukiontzien bidezko bilketan, txartel bidez kontrolatuta, organikoa astean hirutan atera ahal izango litzateke, eta errefusa astean behin edo bitan. Gainontzeko frakzioak egunero ateratzeko aukera legoke. Sistema berria ezartzeko 25.024 euroko inbertsioa egin beharko litzateke eta bilketa kostuak %5ean murriztuko lirateke. Bestetik, gaur egungo sistemari hainbat hobekuntza egitearen aukera ere aztertu dute: batetik, herri guneko herritarrek atez ateko bilketaz gain asteburuetan ere organikoa eta fardelak atera ahal izatea, eta txartel bidezko kontrol sarrera duten 120-140 litroko edukiontziak jartzea. 8.928 euroko inbertsioa eskatuko luke, eta kosteetan ez da aldaketarik ikusten. Organikoa herrian bertan kudeatzea ere aztertu da.
Erabakia, irailean
Behin herritarren ekarpenak jaso eta ekarpenak aztertu ondoren, irailean hondakinen bilketa sistema erabaki eta aurkeztuko du udalak. Alkatearen esanetan, «parte hartze prozesua potentea izan da, modu naturalean hitz egin da, lasaitasunez, eta herritarrek beraien kezkak eta kexak bota dituzte. Horri erantzuten badiogu, uste dugu herriak ondo hartuko duela erabakia». Bilketa sistema berria 2017 bukaerarako martxan jartzea aurreikusten du udalak; «organikoa herrian bertan tratatzearen gaia luzeagoa da, ez dago eta gure esku bakarrik».