Barrunbadau taldearen ibilbidea disko batean jaso dute
Folk ukituko bederatzi abestiz osatuta dago Barrunbadauren lehendabiziko diskoa; Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko tabernetan jarri dute dagoeneko salgai.
Apirilean ikusi du argia Barrunbadau taldearen diskoak. «Barrunbadau zer edo zer ezberdina da, edo gustuko duzu edo ez», dio Javi Martinez taldeko txalapartariak eta ahotsetako batek. Barrunbadau folkaren mugetan mugitzen da, eta hasiera batean ezkontzeko zailak diruditen musika tresnak lotzen ditu, txalaparta, bateria, saxofoia edo biolina, adibidez.
Taldea 2011n sortu bazen ere, hauxe da argitara atera duten lehendabiziko diskoa. Taldekide asko dira —zortzi guztira— eta «lana, familia eta bestelako arduren eraginez oso zaila izan zaigu azken urteetan entseatzeko elkartzea», dio Aitziber Urrestarazu taldeko baxu jotzaileak. Zuzeneko emanaldien kopuruak ere behera egin du azken urteetan arrazoi beragatik. Arazoak arazo, eta taldea desegin aurretik «zerbait jasota utzi nahi genuen, legatu moduko bat», dio Martinezek. Eta hortik sortu zen disko bat grabatzeko ideia.
Diskoa taldea berriz elkartzeko eta entseguei berriz heltzeko motibazioa izan da. «Abestiak bagenituen, horietatik bederatzi aukeratu eta diskoa osatzea erabaki genuen», zehaztu du Martinezek. Diskoaren grabazioak bi urte iraun ditu hala ere, «denok elkartzea oso zaila izan da. Guztiok jarri behar izan dugu gure aldetik zerbait ordutegiak bateratzeko». Taldearen hasierako urteetan astean bitan elkartzen ziren entseguetarako, baina aipatutako arrazoiengatik maiztasun hori galtzen joan da bidean. «Diskoa atera aurretik urte bete generaman elkartu gabe», zehaztu du Urrestarazuk.
Proiektutik errealitatera
Diskoa Legazpiko Subeltza Records estudioetan grabatu dute, «Iker Otegiren laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen diskoa errealitate egitea», azpimarratu nahi izan du Martinezek. Grabazio lanetan Iñaki Gurrutxaga Gurru taldekidea ere aritu da lanean, «gu banaka joan gara musika tresnak eta ahotsak grabatzera; gero, guztia nahastea Otegi eta Gurruren lana izan da» azaldu du Urrestarazuk.Atzera begira jarrita, Barrunbadauren hastapenak 2009 urtekoak direla kontatu du Martinezek: «Gurruk eta biok elkarrekin egiten dugu lan, garai hartan gitarra ikasten hasi ginen biok, Gurruk nik baino serioago hartu zuen, eta abestiak konposatzen ere hasi zen orduan». Lan ordu aspertuetan hasi ziren Gurruren abestiei txalaparta nola batu pentsatzen —Martinezek txalaparta jotzen urteak zeramatzan ordurako— eta orduan hasi ziren Barrunbadau izango zenaren proiektuari buruz hizketan lehenengoz. 2011 eta 2012 urte artean osatu zen taldea. Gainontzeko taldekideak gutxika joan ziren proiektura batzen: Lur Martinez (ahotsa), Koldo Cadierno (txirula eta saxofoia), Amaia Aranaga (biolina), Gorka Toquero (txalaparta) eta Xabi Lasa (bateria). Zuzeneko kontzertuak momentuz ez dituzte aurreikusten, baina diskoa dagoeneko kalean da. Zumarragan Korta tabernan, Urretxun Motzen, Beriten eta Golodixen eta Legazpin Kukuen, Kariben, Gurrutxagan eta Maiatzan erosi daiteke.“Taldea desegin aurretik zerbait jasota utzi nahi genuen, legatu bat”
Javi Martinez (Txalaparta eta ahotsa)“Diskoa grabatzen hasi aurretik urte bete generaman elkartu gabe”
Aitziber Urrestarazu (Baxu jotzailea)












