Arabako eta Bizkaiko bigarrenen aurka jokatu beharko du Ordiziak igoerako ligaxka. Urola Gorengoen mailara jaitsi da

Ordiziako jokalariak eta teknikoak burumakur, larunbatean. // Asier Zaldua
Erregional Ohorezko Mailako Goierriko bi taldeek ez dute nahi bezala amaitu liga. Ordiziak ez du lortu 3. Mailara igotzea, eta Urolak ezin izan dio mailari eutsi. Lehenek bigarren amaitu dute, eta Ariznabarra eta Iurretako Arabako eta Bizkaiko bigarren sailkatuak, hurrenez hurren, taldeen aurka jokatu beharko du igoerako ligaxka partida bakarrera. Urola, berriz, Gorengoan mailan lehiatuko da datorren denboraldian.
Ordiziak dena alde zuen igotzeko. 23 jardunaldiz jarraian lider joan da, eta halaxe iritsi zen azken partidara, baina hiruna berdindu zuen Altamiran Hernaniren aurka, eta Pasaiak bigarrena Ordiziaren puntu berarekin Real Union B-ri irabazi zionez (1-2), pasaitarrek lortu dute zuzeneko igoera. Gertatua sinetsi ezinik daude Ordizian.
Helburua, berriz igotzea
Urretxu eta Zumarragako futbol taldeak ez zuen bere esku mailari eustea: Touring-en aurkako partida irabazi behar zuen eta hala egin zuen, 3-7 nagusituta eta Hondarribiak Aretxabaletaren aurka galdu behar zuen, baina Bidasoa ertzekoek irabazi egin zuten (1-0). Etxeko jokalariekin jarraitu eta berriz ere mailaz igotzea da Urolak datorren denboraldirako duen helburua.