«Esparru desberdinetan ari garen ikertzaileak elkartzen ditu IkerGaztek»
Maiatzean Baionan egin duten hirugarren IkerGazte Kongresuan aurkeztu du Haizpea Lasa bioteknologo lazkaotarrak Duchenne giharre distrofiari buruz egiten ari den ikerketa, euskara hutsean.
Hirugarren IkerGazte kongresua egin dute Baionan pasa den maiatzaren 27tik 29ra. Bertan, esparru desberdinetan ikerketa euskaraz egiten ari diren ikertzaile gazteak bildu dira, egiten ari diren lana aurkezteko. Haizpea Lasak (Lazkao, 1989) Bioteknologia ikasi du, eta Duchenne giharreen distrofiaren inguruan ari da ikertzen. IkerGazten parte hartu duen goierritarretako bat da.
Nola jakin zenuen IkerGazte kongresuaren berri?
Lagun batzuen bidez jakin nuen. Oso ongi hitzegin zidaten ekimen horren inguruan eta nik ere aurkeztea erabaki nuen. Une honetan, tesiaren azkeneko zatian nago. Lau urteko beka bat eskuratu nuen eta egindako lanaren idazketa fasean nago. Kongresuaren inguruan hitzegin zidatenean pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela bertan parte hartzea.
Zer da urte hauetan ikertu duzuna?
Gaixotasun neuromuskular bat ikertzen egon naiz, Duchenne distrofia muskularra. Gaixotasun hau umeetan diagnostikatu ohi da, bi eta sei urte bitartean, eta pixkanaka giharreak atrofiatuz joaten dira. X kromosomari eragiten dion mutazio bat da, beraz, mutilei eragiten dien gaixotasuna da.
Ondorioak zeintzuk dira?
Gaixotasuna garatzen dutenek gurpildun aulkia behar izaten dute nerabezarora iristen direnean. Baina ez hori bakarrik, ondorio larriagoak ere baditu, izan ere heriotza ere ekartzen baitu, bihotzari eta arnasketa aparatuari ere eragiten baitie. Momentuz, sendabiderik ez duen zerbait da.
Eta zure lana zein da?
Molekula berri bat probatzen egon gara laborategian. Gaixotasunaren aurka egiten duen molekula izan daiteke probatu dugun hori. Baina oraindik, ikerketaren hasierako fasean gaude.
Etorkizunean sendabidea izan daiteke molekula hori?
Zientzian hori esatea, asko esatea da. Guk egiten dugun lana, laborategiko lan oso basikoa da. Zelula eta xaguekin egiten dugu lan. Baina oraindik, oso hasieran gaude, bide luzea dago oraindik.
Bide honetara eraman zaituzteten hipotesiak zeintzuk dira?
Gaixotasun honen mutazioa edo gaizki dagoen genea distrofina izeneko gene bat da. Gaixo horiek ez dute proteina hori adierazten eta horrek eragiten du gaixotasuna. Baina proteina hori ez izateak, beste hainbat albo kalte sortzen ditu eta hainbat mekanismori eragiten die eta guk, mekanismo horietako bat hartuta, molekula berri batekin lanean gaude.
«Gaixotasun bat ikertzen aritu naiz
Duchenne distrofia muskularra»«Ikertzaile euskaldunak zertan ari
diren ezagutzeko aukera da IkerGazte»«Zientziaren esparruan,
ingelesa da hizkuntza nagusia»
Zein da ikerketaren helburua?
Ikerketa lan honetan AHK2 molekulak DMD (Duchenne Muscular Dystrophy) gaixoen bihotzetan kaltetuta dauden hainbat aldagai hobetzen dituen aztertu da. Horretarako, 12 asteko tratamenduak egin dira hilabete bateko saguetan,;Duchenne gihar-distrofia ikertzeko gehien erabiltzen den animalia da
Helburu nagusiak bi izan dira. Batetik, In vivo eginiko elektrokardiogramen bidez bihotzaren funtzionamendua aztertu da. Bestalde, In vitro, mikroskopia konfokala eta estimulazio elektrikoa erabiliz, saguen bihotzeko zelulak, kardiomiozitoak, isolatu eta kaltzioarekin lotutako fisiologia ikertu da.
Zein da ikerketaren muina?
Bihotzaren funtzioa ikertzeko lau hilabeteko sagu emeak, distrofina genean mutazioa dutenak, eta kontrolak erabili dira hiru taldeetan banatuta. AHK2-a edarian jarri zaie, kantitate zehatz bat eguneko dosian.
Zein puntutan zaude oraintxe?
Tesiaren bukaeran nago ni. Ikerketaren hasieran bagaude ere, nire lana bukatzen doa, beraz. Hilabete gutxi falta zaizkit amaitzeko. Esperimentuak ixten eta idazten hasteko fasean nago.
Egindako lana IkerGazte kongresuan aurkeztu duzu. Zergatik?
Bakoitzak egindako ikerketaren esparruan aritzen diren beste ikertzaile batzuen aurrean aurkeztu ohi ditugu gure lanak, beste kongresuak gai zehatzen inguruan izaten direlako. Nire kasuan, giharreetako distrofia- rekin lotura dutenak adibidez.
IkerGaztek aukera desberdin bat ematen digu. Ez da gaikako kongresua, ikertzaile euskaldunak zertan ari diren ezagutzeko aukera eskaintzen digu honek. Ikerketa esparru oso desberdinetan ari garen ikertzaileak elkartzen gara bertan. Euskarak batzen gaitu kasu honetan eta esperientzia bezala, oso aberasgarria izan da.
Zuk Katalunian egin dituzu unibertsitateko ikasketak, zein hizkuntzatan?
Katalunian Unibertsitate publikoetan hemen gertatzen ez den zerbait gertatzen da. Euskal Herrian, euskaraz edo gazteleraz ikas dezakezu. Katalunian, gela bakarra dago eta orokorrean katalanez ematen dituzte klaseak. Ingelesa eta gaztelera kasu gutxi batzuetan erabiltzen dute.
Eta erabilitako materialari dagokionez, zein hizkuntztan daude?
Liburuak ingelesez edo gazteleraz daude batez ere, baina irakasleek beraiek prestatutako materiala erabili ohi dute, beraz materiala katalanez zegoen.
Ikerketen kasuan, ohikoa da euskara erabiltzea?
Ez, ez! Nire kasuan, une honetan ditudan lankide asko euskaldunak izanda ere, ikerketaren munduan euskararen erabilera ez da bultzatzen.
Zientziaren esparruan, ingelesa da hizkuntza nagusia. Publikazio garrantzitsuak ingelesez egiten dira. Beraz, ikertzaileek ingelesez idatzi ohi dituzte artikuluak.
Zure tesiaren kasuan?
Euskara Erretoreordetzako Beka bati esker egiten ari naiz tesia, horrek esan nahi du tesia euskaraz idatzi behar dudala.
Idazketa prozesuan hasi naizenean konturatu naiz zenbat terminologia falta zaidan euskaraz idazteko, horregatik, bila aritu behar izan dut.
Beste ikerlari batzuei ere gerta dakieken zerbait da hori, eta zure lana hortxe izango dute kontsultatzeko.
Bai hala da! Ondare hori hortxe geldituko da IkerGazte kongresuari esker.