Rufino Iraola zaldibiarra hil da, bertsolaritzaren eta kulturaren luma emaritsua
Astebetean osasun arazoak larriagotuta, atzo arratsaldean zendu zen, 73 urterekin. Anaia Patxiren miresle, bertsogintza klasikoa landu du. Euskara irakasle eta idazle gisa lan ugari utzi du
Bertsolaritzaren, kulturaren eta, bereziki, Zaldibiako Iraolatarren familientzat beste galera bortitz bat izan da, ustekabean: Rufino Iraola Garmendia hil da, 73 urteko. Atzo arratsaldean zendu zen, astebetean osasuna galdu eta konplikazioei aurre egin ezinda. Olegi etxean jaioa 1945eko azaroaren 16an, Zaldibian bizi zen Blanca emaztearekin, Argiñanoko (Nafarroa) egonaldiekin txandatuz. Bi semeren aita zen.
Euskalgintzan, kulturan eta bertsolaritzan lan oparoa egin du Iraolak. Industrian hasi zuen langile bizibidea, ordea, gazterik: Zumarragako Orbegozon doitzale, altzari fabrika batean bulegari eta CAFen jardun zen.
Bertsolaritza etxetik edan zuen, sehaskatik ia-ia. Anaia zaharrena, Patxi Iraola —apirilaren 27an hil zen, 86rekin— eta haren garaiko, aurreragoko nahiz ondorengo bertsolaritza klasikoa miresten zuen. Herri-lanean «gogotik» jardun zela aitortu zuen berak, «batez ere kultura esparruan». Euskaraz Arantzazun alfabetatu zen aurrena (8 urterekin joan zen), eta Lazkaoko Pax etxean sakondu geroago.
Idazle eta irakasle
Emari handiko idazlea izan da Rufino Iraola. Blog pertsonalean (rufiraola.wordpress.com) bildu zituen han-hemen argitaratutako idatziak, gogoetak, bertsolari gustukoen biografiak. Baita bere autobiografia ere, 140 orrialdekoa eta 3. pertsonan idatzia.
Kazetari-jeneroa landu zuen lehenik. 1980an kronikagile hasi zen La Voz de España egunkarian. Urte berean izen aldatutako La Voz de Euskadi-n jarraitu zuen, 1983ra arte. Ondoren, Diario Vasco-n segitu zuen, inoiz ez uzteko. «Ez dauka ahanzteko bera dela periodiko horretan euskaraz idazten hasi zen lehengo kronista», gogoratu zuen blogeko autobiografian.
Makina bat agerkaritan bezala, Goierritarra, GOIERRIKO HITZA eta Goiberri bertakoetan ere kolaboratu zuen. Espiritu kritiko, espiritualtasun nahiz filosofia handiko idatziak utzi ditu.
Literaturan 1994an egin zuen sarbidea, Irun Hiria Saria ipuinetan irabazita. Bertsolarien biografiak —tartean anaia Patxiren Naizen apurra—, saiakera, kontakizuna eta poesia atera ditu.
Helduaroan heldu zion euskalgintzari ogibide modura. Euskara irakasle 1983an hasi zen, Urretxuko udal euskaltegian (urte bat); goizez CAFen aritzen zen. Irakasle-ikasketak ere osatu zituen. Zarautzen (bi urte) eta Lasarte-Oriako euskaltegian lan egin zuen, 2008ra arte.