Goierri TB taldeko Unai Iribarrek irabazi du 92. Loinatz Klasikoa

Txirrindularitza arloan asteburu betea izan da Goierrin, gaztetxoen nahiz afizionatuen mailan. Eskualdeko probarik beteranoenetakoa, Loinatz Txirrindularitza Klasikoa jokatu zuten atzo. Larunbatean berriz, Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa egin zuten Legorretan, kadete mailan.
Beasaingo proban Goierriko TB-Laboral Kutxa taldekoek hartu zuten lasterketaren gidaritza, eta ihes egin zuen 20 bat laguneko taldean, Unai Iribar eta Iker Ballarin sartu ziren. Sprintean azkarrena Iribar izan zen, Kometa Cycling Team taldeko Alessandro Fancellu eta Alejandro Roperoren aurretik; Ballarin laugarren sartu zen helmugan. Tropela, lehen taldetik 1.20ra iritsi zen.
Hiru ordu eta 33 minutu behar izan zituzten 144 kilometroko ibilbidea osatzeko; 40,7 kilometro orduko abiadura izan zuten, bataz beste. Bidean, Abaltzisketa, Liernia, Olaberria eta Mandubiako gainak igo zituzten.
Mendiko Saria Team Compak taldeko Gerard Armillasentzat izan da; Tarteko Helmugena Baque taldeko Jose Luciano Matinezentzat, eta Taldekako Saria Kometa Cycling Teamek jaso du. Goierriko TB-Laboral Kutxa laugarren gelditu da taldeka.
Legorretan, erlojupekoak
Loinatz probaren bezperan, larunbatean, txirrindularitza arloko beste proba bat ere izan dute Legorretan. Gipuzkoako Taldekako Erlojupeko Txapelketa jokatu baitute, kadete eta junior mailan. 25,4 kilometroko ibilbidea osatu zuten, Legorreta, Alegia eta Amezketa artean. Kadeete mutiletan, Viveros San Anton taldeak jantzi du txapela, eta Andoaingok eta Caja Ruralek osatu dute podiuma. Nesketan berriz, Gipuzkoa Ogi Berri izan da irabazle. Guztira 17 talde aritu dira, 15 mutiletan eta 2 nesketan.