Ostadar mendi taldeak Enaren Bidea egingo du asteburuan
Ostadar mendi taldeak Enaren Bideko lehen bi etapak egingo ditu larunbatean eta igandean. Bide hori Pirinio mendebaldean dago.
Enaren Bidea Erronkari, Anso eta Zaraitzuko gazteek Mauleko lurretara egiten zutena da: udazkenero joaten ziren bertara lan egitera. Espartina fabriketan lan egiten zuten. Udaberrian itzultzen ziren etxera. Hori dela eta, enarak deitzen zieten. Ibilbideak 70 kilometroko luzera eta 4.000 metroko desnibela ditu.
Ostadar mendi taldeak lau etapatan egingo du bide hori. Lehen biak larunbatean eta igandean egingo ditu eta azken biak irailean. 7an eta 8an, hain zuzen ere.
Arlas eta Txamantxoia
Larunbatean Aretako eski estaziotik Belaguara joango dira eta igandean bertatik Linzako aterpera. Larunbatetik iganderako gaua Izaban emango dute. Arlas eta Txamantxoia mendiak igotzeko aukera izango dute.
Txango horretan parte hartu nahi dutenek, lehenbailehen eman behar dute izena. Horretarako, bi telefono zenbaki hauetako batera deitu behar dute: 659 486 878 (Luis) edo 620 922 246 (Javier).
Aipatu bezala, hirugarren eta laugarren etapa iraila hasieran egingo dituzte. Urriaren 20an, berriz, Aizkorri-Aratz parkeko txoko ezkutuak ezagutuko dituzte, inguru hura primeran ezagutzen duen mendizale baten eskutik. Azaroaren 18tik 24ra Ostadar Mendi Astearen 37. edizioa egingo dute. Urteroko moduan, Anjel Etxeberriaren oroimenezko mendi martxarekin hasiko da. Ikus-entzunezkoak, batzar nagusia, mendi irteera eta bazkaria ere egongo dira.
Urteko azken irteera azaroaren 24an egingo dute. Durangaldeko mendietara joango dira. Autobusak Mañariara eramango ditu eta Untzillatx mendia igoko dute. Ibilaldia Urkiolan amaituko da. Eguraldi txarra egiten badu, Untzillatx maldatsua igo beharrean Urkiola ondoko Saibigain igoko dute.