«Zerainen herri afaria prestatu digute, hunkigarria izan da»
Bigarren Euskarabenturako komunikazio lanean dabil uztail guztian Ane Insausti (Lazkao, 1998) kazetaria. Euskarabenturaren informazioa zabaltzeaz arduratzen da.
Zer moduz doa bigarren Euskarabentura?
Oso ondo, oso gustura. Nekatuta gaude dagoeneko, goizetan gero eta gehiago kostatzen zaigu jaikitzea. Baina oso-oso ondo.
Iazko ibilbide bera egiten ari zarete?
Ia-ia berdina, etapa pare bat moldatu dituzte. Getxon bukatuko dugu uztailaren 31n.
Aurten ere, Goierrin egin du geldialdia Euskarabenturak.
Araiatik Zerain artekoa izan zen asteleheneko etapa. San Adriandik etorri ginen. Orain arteko etapa luzeena izan zen, baina ondo joan zen. Atzo, berriz, Zeraindik Ormaiztegira joan ginen, Aizpeako meategia bisitatuta. Ormaiztegin Zumalakarregi museoan izan ginen Asiskorekin [Urmenetarekin]. Bazkaldu eta Tolosara joan ginen trenez. Kike Amonarrizen hitzaldia izan genuen.
Zerainen, ongi etorri ederra egin zizuen astelehenean.
Sekulakoa. Herri guztia inplikatu zen. Herri afaria prestatu ziguten. Lehenengo aldiz afaldu genuen mahaietan eta aulkietan. Lumagorri oilaskoa prestatu ziguten parrillan. Hunkigarria izan zen. Ondoren erromeria egin genuen, dantza pixka bat egin genuen.
Aurten gazteen artean ez dago goierritarrik; iaz bi izan ziren.
Pena bat da. Publizitate gehiago egin beharko dugu datorren urterako. Iaz egon zen Uxue Arrese beasaindarrak parte hartu zuen uztailaren 7an belaunaldi arteko topaketan. Oso aukera ona da lagunak egiteko eta euskararen errealitate desberdinak ezagutzeko. Iparraldean edo Nafarroa hegoaldeko herri txiki batean bizi den batek oso errealitate desberdina bizi du. Eta oso harreman sare polita sor daiteke, eta asko ikasten da. Euskal Herria ezagutzeko modua ere bada. Ohitura daukagu kanpora joateko, baina bertakoa ez dugu ezagutzen.
Zu zeu kazetaritza ikasten ari zara eta aurten zuk daramazu Euskarabenturaren komunikazioa.
Berriako bekaduna naiz eta Euskarabenturan gertatzen ari dena momenturo kontatzen dut, argazkien bidez, Twitterren eta Instagramen. Blog bat ere badaukat, eta gauero idazten dut.
Ikasitakoa praktikan jartzeko lan polita.
Oso polita. Alde batetik, polita da ikasteko, eta bestetik polita da, sekulako giroa dagoelako. Izugarrizko lantaldea dago. Lana da, baina ondo pasatzea ere bai. Oso ondo antolatuta dago dena.
Euskarabenturan 120 gazte dabiltza herriz herri
16-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako abentura da Euskarabentura, euskara eta abentura uztartzen dituena. Bigarren edizio honetan ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 120 neska-mutil dabiltza uztailaren 1az geroztik Mauletik (Zuberoa) abiatuta, euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzen. Euskal Herrian barrena 31 etapatan 783 kilometro egin ondoren –horietatik 483 kilometro oinez– uztailaren 31n Getxon (Bizkaia) amaituko dute II. Euskarabentura.