Hotel Castillo eta Las Amigas de los Fardos garaile Lejarreta Klasikoan
Marino Lejarreta Klasikoa jokatu da inoizko parte hartze handienarekin. Joseba Beloki txirrindulari ohia eta Castillo hotela omendu ditu antolakuntzak
Hotel Castillo taldeak irabazi du bosgarren Marino Lejarreta Klasikoa Ordizian asteburuan. Chapel Gorri elkarteak Ordiziako Udalaren laguntzarekin antolatutako txirrindularitza proba da.
Erlojuaren aurka aritzeko, 470 txirrindulari elkartu ziren igandean Ordizian. Orain arteko jendetsuena izan da. Bosteko taldetan abiatu ziren Gudarien Etorbidetik, 97 guztira. Nabarmen- tzekoa da emakumeen parte hartzea, 12 talde emakumeek osatutakoak izan baitziren eta 7 mistoak. Antolakuntza «pozik» agertu da «egunak emandakoarekin» eta baita «urtetik urtera indarra hartzen ari den proba delako», Jose Luis Sanz antolakuntzako kideak esan duenez.
Sailkapenari dagokionez, Hotel Castillo taldea izan zen garaile. 44 minutu eta 11 segundo behar izan zituen helmugaratzeko. Segundo bat beranduago iritsi zen Omar Fraileren taldea. Profesional ohien sailkapenean lehenena izan zen Frailerena. Emakumezkoetan, berriz, Las Amigas de los Fardos taldeak irabazi zuen. Azkenik, zikloturisten artean Donosti/Kalas taldea sailkatu zen lehen postuan.
Marino Lejarreta bera ere «oso gustura» agertu zen beste behin ere, eta eskerrak eman zizkien proban modu batean edo bestean parte hartu zuten guztiei. Aurten, gainera, izan da berrikuntza bat, izan ere ibilbidearen noranzkoa aldatu dute. Ordiziatik abiatu eta Zaldibia igaro zuten lehenik, Abaltzisketara igo, Amezketara jaitsi, Alegi pasa eta berriz ere Ordiziara itzuli ziren. «Aurtengo ibilbidea izan da denetan politena» adierazi zuen Lejarretak. Ibilbideari noranzkoa aldatu izana «gustatu» zaiola esan zuen. Gainera, «irabazteko nahiak eta ahalmenak alde batera utzi» eta bere «taldearekin disfrutatzera irten» zela aitortu zuen.
Aitortza
Lasterketa amaituta, sari banaketa egin zuten eta horrekin batera omenaldietarako tartea ere izan zen. Joseba Beloki txirridulari ohiari eta Castillo hotelari egin zieten aitortza.
Bukatzeko, bazkaria egin zuten Beti Alai pilotalekuan.













