«Ez dago belarrik; garai honetarako oso erreta daude bazter guztiak»
Ekaitz perfektua eragiten ari da lehortea abeltzainentzat. Belarraren erdia bildua dute, eta, goiko larreak ere gorritu direnez, batzuk hasiak dira abereak menditik jaisten eta negurako bazka erabiltzen. «Beldur ikaragarria dago», aitortu du Nazabalek.
Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko lehendakaria. Idoia Zabaleta / FOKU Baserritarrek uda iristerako eramaten dituzte abereak Euskal Herriko mendi eta larreetara. Zelai berdeak animaliei jaten emateko aprobetxatu, eta etxera itzultzen dira udazkenean, neguko hotza ukuiluaren babesean igarotzeko. Udaberrian prestaketa lanak egin, eta berriro hasi: belarretara berriz. Aurtengo uda bestela doa, ordea, zikloaren oinarrian dagoen belar berdea gorri bihurtu baita lehortearen eraginez. Kezkatuta dago Garikoitz Nazabal (Zaldibia, Gipuzkoa, 1984), Gipuzkoako EHNEko lehendakaria.
Lehorteak larreak gorritu ditu. Nola eragin dizue?
Beldur ikaragarria dago. Larreak erabat lehortzen ari dira, eta bertan animaliek zuzenean egin dezaketen aprobetxamendua ere kolokan dago. Ez dago belarrik, eta barruti batzuk besteak baino okerrago dauden arren, garai honetarako oso erreta daude bazter guztiak. Horren ondorioz, lehen bildutako belarra lehenago hasten da gastatzen. Gainera, kontuan hartu behar da aurten askoz gutxiago bildu dela; gure inguruko etxe askotan, erdia baino gutxiago. Horrek esan nahi du hilabete eta erdi edo bi hilabeteko aurrerapenarekin ari garela; orain gastatzen dena gero neguan faltako da, eta datorren udaberria oraindik oso urruti dago.
Gainera, espekulazio ariketa bat ere sortzen da: erosi beharreko bazka garestitzen hasi da, eta bai Espainian eta bai Frantzian artoaren ekoizpena baldintzatuta egongo da. Hau da, gutxiago dago, kalitate txarragokoa, prezioak hasi dira garestitzen eta hitzartuta zeuden zenbait prezio ere ez dira mantentzen. Oso kezkatuta gaude.
Lehortea Europa osoko arazoa da. Nondik ari zarete ekartzen behar den bazka, belarra eta lastoa?
Gipuzkoan lekurik ohikoenak Araba, Errioxa eta Nafarroa dira; bazkarako erabili ohi den lastoa ingurutik biltzen da normalean. Artoa, normalean, Iparraldetik hasi eta Frantzia hegoalderainoko sailetatik. Kontua da lehortea orokorra dela, baina orokorra da eskaria ere.
Etxerako ekoizpenak egiten dituen ukuilu handi asko daude sail asko gestionatzen dituztenak. Produkzioa murriztua ikusten dute, eta falta dutena eskuratzeko merkatura jotzen dute. Horrela, eskaintza gutxiago dago, eskari gehiago, eta beste lan bat ere badaukate: ur faltaren eraginez, ganadua behera joaten hasia da, menditik jaisten, baina baita haragitan gutxitzen ere, alegia flakatzen. Izan ere, belar askoz gutxiago daukate, erreta dago, ezin dute ondo aprobetxatu, eta ur faltak asko estresatzen ditu. Kristoren bonba da.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













