Urbiako zelaiak erromeria leku
Ez dago jakiterik Urbiako erromeria ospatzen noiz hasi zen, baina bertako artzain adinduenek «aspaldiko» kontua dela diote. Guztiarekin, urtetan mantendu den festa eguna da, berezia goierritar askorentzat. Ostiralean, berriz beteko dira Urbia inguruko zelaiak, jai giroan.
Urbiako erromeriaren 2024ko argazki bat. Aimar Maiz Zehatz esaterik ez dagoen arren, badirudi San Inazio eguneko Urbiako erromeriak 90 bat urteko antzinatasuna izan dezakeela. Datu horri kasu eginez gero, Urbiako ermita egin ondoren sortutako festa izan daiteke —orain bi urte bete zen ehungarren urteurrena—, Euskal Herrian beste hainbat lekutan egiten diren mendiko erromeria askoren antzera. Ziurrenik, uda sasoia bertan igarotzen zuten artzainen topaleku izango zen jatorrian, mendiko gazta egiteko denboraldia amaituta eta udako lanik gogorrenak eginda, festarako baliatuko zutena. Jakina dena da, urte luzetan mantendu den festa dela eta uztailaren 31 eta Urbia elkarri lotutako data eta lekua direla oraindik.
Tradizio handiko erromeria da Urbiakoa, eta urte batzuetan desagertzear egon bazen ere, gaur egun osasuntsu dago, duela bost hamarkada goierritar talde batek festa indartu zuenetik. Dozena bat urtetan jardun zuen talde hark erromeria antolatzen, eta duela 40 urte lur horien kudeaketaz arduratzen den Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriak —Idiazabal, Segura, Zerain eta Zegamak eta Arabako Asparrena eta Donemiliagak osatzen dute— hartu zuen bere gain festaren antolaketa, 1986an.
Urbiako erromeriak tiradizo handia du Goierrin. Ugari dira San Inazio egunean San Adriandik, Oarzuzatik, Kataberatik edo Arantzazutik Aizkorriren magalean dauden zelaietara oinez igotzen diren goierritarrak. Beste asko, urtean egun bakarrez irekitzen den Arabako pista hartu eta kotxez joaten dira, —partzoneriatik 4×4 ibilgailua gomendatzen da—.
«Behin lan zailenak amaituta, San Ignazio eguna iristeko grinaz egoten ginen. Urbiako festa eguna izaten zen»
Mikel Etxezarreta. Artzaina
Mikel Etxezarreta Urbiako artzainak «betidanik» ezagutu duen festa da Urbiakoa. Maiatzaren hasieratik Santu Guztiak bitarte, Urbia du bizitoki. Etxezarreta sendiko artzainen hirugarren belaunaldia da Mikelena; aurretik, gurasoek eta aiton-amonek hasitako bideari jarraipena eman diotenetako bat. «Haurra nintzenean dozena bat familia bizi ginen bertan udan; aurretik gehiago ere bai, gurasoei eta adituta 20tik gora», dio. Mendiko gazta egiteko sasoia sanpedrotatik sanferminetara luzatzen da, «behin lan zailenak amaituta, San Ignazio eguna iristeko grinaz egoten ginen. Urbiako festa eguna izaten zen», gogoratzen du.
Urbiako ospakizuna ez dela gehiegi aldatu dio, «izugarrizko jende pila igotzen da betidanik; eguraldi kaskarra eginagatik ere etortzen direnak asko izaten dira». Garai batean, bezperatik kanpin dendarekin joateko ohitura ere oso zabaldua egon zen, batez ere gazteen artean; «gero debekatu egin zuten eta hori adibidez, asko jaitsi da», dio.
Urriko azken igandea
Urbiako Fonda izan zuen Aritz Altuberentzat ere egun berezia da uztailaren 31. Altubetarrek eta Altzelaitarrek 1999an Fondaren kudeaketa hartu zutenean antolatu zuten lehenengo bazkal ondorengo erromeria, «guk dakigula lehenengo aldiz», dio. Ordura arte eguerdi partera izaten zen festa, «baina arratsaldean ezer ez». Joselu Anaiak izan zen gonbidatu zuten lehendabiziko taldea, «Araiakoak dira gainera», zehaztu du. Eta ordutik, iaz arte urtero antolatu izan du Fondak arratsaldeko erromeria.
«60ko eta 70eko hamarkadetan tradizionalki Urbiara igotzeko eguna Errosario egunean izan ohi zela kontatu izan didate adineko batzuk»
Aritz Altube. Urbiako fonda
Historikoki, Urbiako eguna urriko lehenengo igandean ospatzeko ohitura ere egon zela kontatu du Altubek: «60 eta 70eko hamarkadetan tradizionalki Urbiara igotzeko eguna Errosario egunean izan ohi zela kontatu izan didate adineko batzuk». Garai nahasiak ziren, Frankismoaren amaierako urteak. Jende asko elkartzen zen eta sarri aldarrikapenerako aitzakia ere izaten zen, «polizia ere joan omen zen behin edo behin», kontatu du. Denborarekin, San Ignazio eguna gailendu zitzaion, «Gipuzkoan Kilometroak ikastolen festa egiten hasi ziren 80ko hamarkadan, hasieran tiradizo handia izan zuen eta Errosario eguneko Urbiako eguna indarra galduz joan zen».
Partzoneriak antolatuta
Laster beteko da urtebete Urbiako Fonda itxita dagoela eta aurten partzoneriak hartu du erromeria bere osotasunean antolatzeko ardura. Txomin Parrillak eskainiko du katering-a Fondak orain arteko emandako zerbitzua bermatzeko, eta hasita daude ostiralerako prestakizunak bertan. Egitaraua ohikoa izango da, 11:30ean meza izango da bertsolariak lagunduta. 13:00etan herri kirol erakustaldia, partzoneriak urtero eskaintzen duen hamaiketakoaren ondoren. Sukia eta Marki trikitilariek girotuko dute ingurua egun osoan zehar.













