«Helburuak hasieratik markatzea beti gaiztoa izaten da»
Real Oviedora joan da Aritz Aldasoro (Beasain, 1999), zesioan, Racing de Santanderretik. Bigarren Mailan jokatuko du. Minutuak pilatu nahiko lituzke, eta joan den denboraldian galdutako protagonismoa irabazi.
Aritz Aldasoro, Real Oviedorekin entrenatzen.Hitza Real Oviedo klubean jokatuko du 2026/2027 denboraldia Aritz Aldasorok. Joan den denboraldian Racing de Santanderrekin Lehen Mailarako igoera lortu du, eta 2029ra arte Racing-ekin dauka kontratua. Utzita jokatuko du Bigarren Mailara jaitsi berri den Oviedorekin.
Santanderretik Oviedora. Denboraldiaurrea hasi duzue. Zer moduzkoa izan da aldaketa?
Pare bat aste daramatzat taldearekin entrenatzen eta jada Oviedon hartu dut ostatu. Aldaketa oso ondo joan da, jendeak oso ondo hartu nau. Nahiko talde sanoa dago; beteranoak direnak oso jende jatorra da, ikusten da talde berria egiten ari garela, fitxaketa dezente egin dira eta oraindik fitxaketa gehiago falta dira. Oraingoz oso talde ona daukagu eta gustura.
Zer moduz sentitzen zara denboraldirako?
Ondo. Egia da ni fisikoki normalean gaitasunez ondo egon izan naizela talde guztietan. Egia da hemen taldekideak baino lau egun beranduago hasi nintzela entrenatzen, zesioaren itxiera luzatu egin zelako. Aurreneko egunetan taldekideek erritmoa hartuta zuten eta ni aurreneko bi egunetan zelaian, denboraldiaurrean normala izaten den bezala, hankak kargatuta eta pisuz nabaritzen nituen, baina listo, ondo.
Racing-ekin kontratua duzu 2029ra arte.
Bai. Lau urte egin ditut Santanderren. Berez bi urterako sinatu nuen, baina aurreneko denboraldia oso ondo bukatu nuen jokatzen eta helburua lortu genuen, salbatzea, eta orduan urtebete gehiago luzatu nuen kontratua. Nire hirugarren denboraldian playoff-a jokatu genuen, nik uste dut nire urterik onena izan zela Racing-en eta aurreko urteko udan 2029ra arte luzatu nuen. Aurreko urtean oso talde konpetitiboa egin genuen, jende asko zegoen erdian, gutxiago jokatzea tokatu zitzaidan eta orduan aurten jada ateratzea tokatu zait. Utzita noa, printzipioz hurrengo urteko udan bueltatu egingo naiz. Berez bai, 2029ra arte geratzen zait Racing-en.
«Bigarren Mailan urte dezente daramatzagun jokalariontzat egon daitekeen gauzarik politena da igoera bat»
Igoera lortu zenuten. Nola bizi izan zenuen hura?
Sekulakoa izan zen. Bigarren Mailako jokalariontzat eta Bigarren Mailan urte dezente daramatzagun jokalariontzat egon daitekeen gauzarik politena da igoera bat. Gainera Racing-ekin. Nik prozesu guztia ikusi baitut. Lehen urtean salbatu eta izugarri pila ospatu genuen salbatzea, klubarentzat kristoren lorpena zelako. Urte zailetatik zetorren. Pausoak ematen joan gara eta kristorena izan da, Santanderrentzat, Kantabria osoarentzat. Ospakizunean jendea negarrez zegoen, eskerrak ematen guri. Oso hunkigarria izan da.
Hiri berria, ohitura berriak… egokituta zaude jada edo prozesuan oraindik?
Aste eta erdi daramat hemen [uztailaren 22an izan zen elkarrizketa]. Aurreneko astea hotel batean egin nuen, oraindik etxerik ez neukan. Denboraldia luzea da baina jendeak oso ondo hitz egin dit Oviedoz eta Asturiasez. Donostiaren edo Santanderren estiloa da, eguraldia ere antzerakoa… nik uste dut erraza egingo zaidala. Nire izaeragatik oso ondo egokitzen naiz inguru berrietara, jende berriarekin ere irekia naiz eta ez daukat arazorik zentzu horretan. Oraingoz oso ondo ari naiz egokitzen.
Zer helburu dituzu indibidualki? Eta talde gisa?
Indibidualki pixka bat aurreko urtean galdu nuen protagonismoa berreskuratzea, minutuak pilatzea eta taldean inportantea sentitzea. Eta nik uste dut Oviedo leku ona dela horretarako, zeren eta oso plaza inportantea da Bigarren Mailan. Azkenean Lehenengo Mailatik jaitsi den klub bat da, klub inportanteenetako bat Bigarren Mailan. Baina helburuak hasieratik markatzea beti gaiztoa izaten da, gero behin ere ez dakizu bigarren mailan nola joango dien gauzak. Niri hemen esan didatena da helburua garbi dagoela: egunetik egunera hobetzea, indibidualki eta talde bezala, partidak prestatu eta ahalik eta hoberen lehiatzea. Gero denboraldia aurrera doan heinean lehiaketak jarriko gaitu bakoitza bere lekuan.












