«Gai tabua izan da etxe gehienetan, jendeak azkeneko momentuan hitz egin du»
1936ko gerran eta frankismoan gertatutakoa azaleratu eta ezagutarazteko bokazioz sortu zuten Beasaingo Memoriaren Herri Ekimena, ahaztu ez dadin. Taldeko kide da Juan Jose Lasa ‘Txani’ (Beasain, 1957).
Juan Jose Lasa ‘Txani’ Beasaingo fusilatuen omenezko monumentuan.Laida Goiburu 90 urte bete dira uztailaren 18an 1936ko estatu-kolpe eta gerraren hasieratik. Beasainera uztailaren 27an sartu ziren tropa frankistak, eta uztailaren 27 eta 28 artean hamarnaka pertsona fusilatu zituzten herrian. Egun horietan zein 36ko gerran eta ondorenean eraildakoen omenez, ekitaldia antolatu du beste behin Beasaingo Memoriaren Herri Ekimenak. Astelehenean izango da omenaldi ekitaldia, uztailaren 27an, 19:00etan fusilatuen omenezko monumentuan.
Noiz eta zergatik sortu zenuten taldea?
Lagunen artean hitz egiten ikusten genuen sekula ez zela ezer egin hemen. Izugarria da bere garaian gertatu zena eta ez zegoen inondik inora gogoratzeko ekimenik. Orduan 2011n hasi ginen biltzen, eta 2012rako forma eman genion. Herri ekimen bat izan behar zela argi genuen, udalak lagunduta. Astero bilerak egiten genituen eta horrela hasi ginen. Hasieran zortzi bat izango ginen. Erabaki genuen oroigarri bat jarri behar genuela, tamaina handikoa. Merezi zuela. Orduan Koldo Agirre zegoen alkate. Saiatu ginen dirua biltzen jendearen artean, alderdiekin eta sindikatuekin egon ginen, adostu genun eta aurrera. Oroigarria Jokin Telleria artistak egin zuen.
Fusilatuen omenezko monumentua.
Harria da defendatu egin behar dena. Goikoa da kanpai bat hautsita, faxistak herrietara sartzen zirenean lehen gauza egiten zutena zelako kanpaiak hautsi, bestela ondoko herrietara abisatzen zelako. Eta azpian liburu zuri bat, idatzi gabeko historia hori bezala. Laburpen bat prestatu genuen, eta eguzkiak arratsaldean jotzen duenean liburuan islatzen da.
Beasaingo historia osatzen saiatzeko, Aranzadirekin jarri zineten harremanetan?
Bai. Testu batzuk bazeuden, hemendik eta handik, jendea ere elkarrizketatu genuen bere garaian, 50 bat elkarrizketa egin genituen, eta hortik atera genituen datuak. Lortu dugun informazio gehiena Aranzadiren eta udalaren bidetik izan da.
Monumentuan 1936ko uztailaren 27-28an akabatu zituztenen izenak idatzita daude.
34 hildako izan ziren 27-28 gau hartan. Albisuenea etxea monumentuaren ondoan zegoen, eta hori erabili zuten kalabozo bezala; hartzen zituzten, horra ekarri eta gauean ordu ezberdinetan, hori ez dakigu, fusilatu, akabatu.
Hasi zinetenetik, osatzen joan da historia?
Zuzenketaren bat egin behar izan dugu. Adibidez, hemen hil zutela pentsatzen genuen bat Teruelen hil zen. Beti beldurra egon da hitz egiteko, etxeetan jendeak seme-alabei ez zien kontatzen, pentsatuz gero igual jasango zutela haiek. Gai tabua izan da etxe gehienetan. Jendeak jada azkeneko momentuan hitz egin du. Bukaera aldera animatu ziren asko gauzak kontatzera.
«Aurten pentsatu dugu frontean hildako beasaindarrak eta Beasainen defendatzen egon zirenak ere oroitzea»
Astelehenean 90 urte beteko dira Beasainera sartu zirenetik.
Nafarroatik sartu ziren Beasainen 27an, hiru zutabetan: Lizarrustitik, Etzegaratetik eta Otsaurtetik. Hasieran genuen informazioa zen oso defentsa txikia egon zela, baina ez da egia, kostatu zitzaien zerbait. Oso historia gogorra eta latza izan zen. Eta beldurra zela eta bestea zela, jendea pagaburu bilakatu zuten. Jendeak jakin behar du zer gertatu zen.
Ekitaldian zerbait berezia egingo duzue urteurrenagatik?
Monumentua, berez, sartu zireneko 27-28 egun horietan erail zituztenen oroimenez dago. Eta omenaldia ere horien omenez egin izan dugu. Aurten pentsatu dugu frontean hildako beasaindarrak eta Beasainen defendatzen egon zirenak ere oroitzea. Eta beste 34 bilatu ditugu. Aurten berritasun bezala borrokan hildako horien izenekin osatutako zerrenda irakurriko dugu. Momentuz horiek dauzkagu, agian gehiago izango dira.
Baionako familia bat etorriko da. Hemen bizi ziren, gurasoak kanpotarrak ziren eta lau seme-alabak hemen jaio ziren. Horietatik bi gerrara joan ziren, bat Bizkaiko frontean zauritu zuten, eta bestea Bizkaian egon zen aurrena, gero Katalunian eta Teruelen hil zuten, Ebroko borrokan. Haren biloba bat informazio bila etorri zen, eta asteleheneko ekitaldira etorriko dira.
Errepika ez dadin, historia osatzen eta gogoratzen ari zarete.
Ari da pixka bat osatzen. Ate joka daude berriro faxistak, eta garrantzitsua da. Zer astakeria egin ziren… Francok, hil aurretik, atado y bien atado esan zuen. Jendea konturatu egin behar da. Askotan azpimarratzen dugu. Jendeari urruti geratzen zaio, baina jakitea ona da. Beldurra diogu hori galtzeari, kontuan izan behar dugu nondik gatozen.












