Odik berria ezagutzeko aukera 'KimiK' eta 'Amaaaa!' abestiekin
Odik musikariak bi single berri argitaratu ditu, bideo eta guzti, eta Interneteko hainbat plataformetan daude entzungai eta ikusgai. ‘Bonjour’ ikuskizunerako kontratazio agenda irekita du legazpiarrak.
Oier Markotegi legazpiarra ez da geldirik egoten den horietakoa, eta egonezin horren emaitza Internetera igo berri dituen bi abestiak dira. Odik da musikari honen izen artistikoa, eta izen horrekin sinatu ditu azken bi lan horiek ere: KimiK eta Amaaaa!.
Musika elektronikoa da Odik artistaren lanaren ikurra, eta bi single hauek ere estilo horri lotzen zaie bete-betean. Ez dira disko baten aurrerapenak, lan solteak baizik, etengabeko sormen prozesu batean kokatzen direnak.
Markotegik azaldu duenez, KimiK abestia, iazko urrian kaleratu zuen Zorro-Zorra lanaren bigarren zatia da. «Zorro-Zorra abestiak diruaz hitz egiten zuen, modu nahiko agresiboan, eta KimiK-rekin diruaren gaiari buelta bat eman nahi nion, eta maitasunetik eta umoretik jota landu dut gehiago, kritika soziala eginez».
Bigarren abestia, Amaaa!, «ereserki baten modukoa da niretzat. Ajeaz hitz egiten du, eta kuadrilla eta lagunak ekartzen ditut gogora, umorearekin».
Musika elektronikoaren munduan egin zen ezagun Odik, eta mundu horretan jarraitzen du. «Elektronika barruan estilo desberdinak esploratzen ditut, baina saiatzen naiz mantentzen soinu unibertso bat, Odik izena erraz identifikatzeko musika horrekin». Hala ere, bi abesti hauetan berritasunak sartu ditu, ahots eta estetikan adibidez, «abesteko modu berri bat erakusten dut, inoiz ez dut entzun nire ahotsa horrela, eta oso bitxia da. Horrek erakusten du ibilbide luzea egin dudala dagoeneko, eta erregistro berriak hartzen ari naizela».
Odik berri bat da, beraz, azken lan hauetakoa. «Estiloak jarraitzen du, baina abesteko modua oso desberdina da». Eta hori ezagutzeko, Internetera jo behar da, ez duelako disko fisikorik ateratzeko asmorik, «oso eroso nabil formatu digitalean, eta askatasun handiarekin ikusten dut neure burua horrela».
Zuzenean entzuteko, berriz, Bonjour ikuskizunerako kontratazioa irekita duela jakinarazi du.













