Tourreko goierritarrak
Uztailaren 26an amaituko da Frantziako Tourra. Aurten hiru txirrindulari euskaldun bakarrik ari dira lehian, Goierrirekin lotura dutenak hirurak: Ion Izagirre ormaiztegiarra, Alex Aranburu ezkiotarra eta Xabier Mikel Azparren donostiarra.
Alex Aranburu haurra, irudiaren erdian, kaskoa eskuan duela. HITZA Frantziako Tourra azken txanpan da. Bizikleta lasterketa guztien ama, edozein txirrindulariren ametsa; gutxienez bizitzan behin egin beharrekoa. Historikoa da euskaldunok Tourrarekin izan dugun eta daukagun harremana, bai zaletu bezala duen erakargarritasunagatik; baita txirrindulari euskaldun askoren erakusleiho ere badelako. Emozio sortzaile, herri sentimendu baten isla.
Frantziako Tourrean euskal txirrindularitzaren urte loriatsuak baina, iragana dira jada. Aurten adibidez, hiru soilik dira lasterketan parte hartzen ari diren txirrindulari euskaldunak eta guztiek dute gainera, Goierrirekin lotura estu bat. Ion Izagirre eta Alex Aranburu goierritarrak direlako noski, eta Xabier Mikel Azparrenek, donostiarra izanagatik, Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkartean eman zituelako lehenengotako pedalkadak; Izagirrek eta Aranburuk bezala.
«Orain modan jarri da alderdi psikologikoaren kontu hori, baina guk betidanik ikusi dugun zerbait da. Txirrindulari asko izan ditugu taldean fisikoki izugarriak zirenak, baina psikologikoki ahulak, lasterketen nondik norakoak ikusten ez zekitenak»
Iñaki Telleria. Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkarteko lehendakaria
Ondo gogoan ditu hiru txirrindulari gazte haien hasierak Iñaki Telleriak, Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkarteko lehendakariak. Hasieratik sumatzen zitzaien «zerbait berezia» txirrindularitzarako, baina ez ziren taldeko bakarrak: «Hauei bezala, beste batzuei ere antzematen zitzaizkien dohain bereziak gaztetan, baina arrazoi ezberdinengatik bidean geratu ziren: lesioak, ikasketak…», dio. Izan ere, txirrindularitzan, exijentzia handiko beste edozein kiroletan bezala, gaitasun fisikoak bezain besteko garrantzia du pertseberantziak.
Harrobiko txirrindulariak

Ion Izagirre Ordiziako Txirrindularitza elkarteko mailotarekin. HITZA
Ion Izagirre ormaiztegiarra, Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz Ordiziako Txirrindulari Elkartea zen garaian hasi zen taldean. «Gaitasun bikainak zituen. Orokorrean ondo moldatzen zen arlo guztietan, baina bereziki ona zen jaitsieretan eta oso bizkorra zen», gogoratu da Telleria. Alex Aranburu ezkiotarrak Ordiziako elkartetik Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzerako aldaketa bizi izan zuen. «Bi taldeekin aritu zen. Ordiziako Txirrindulari Elkartea izan ginen 2014ra arte eta ordutik aurrera Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz. Todoterrenoa zen, baina bere abantaila nagusienetako bat oso bizkorra izatea zen. Sprintean eta alde txiki-ertainetan ondo moldatzen zen eta emaitzak lortzen zituen».
Azparren, hiruretatik gazteena, Goierriko txirrindulari elkartearen aro berrian aritu zen harrobian. «Gaztetan konpletoa zen orokorrean, baina erlojuaren kontra oso ondo moldatzen zen; ihesaldietan ere bai, aldapetan flojoxeago», azaldu du Telleriak.
Txirrindularitza bezalako kirol exijente batean gaitasun fisikoak noski, garrantzitsuak dira baina psikologikoki indartsua ere izan beharra dago nabarmentzeko. «Orain modan jarri da alderdi psikologikoaren kontu hori, baina guk betidanik ikusi dugun zerbait da. Txirrindulari asko izan ditugu taldean fisikoki izugarriak zirenak, baina psikologikoki ahulak, lasterketen nondik norakoak ikusten ez zekitenak», azpimarratu du.
Harrobitik txirrindularitza profesionalera bidean, zalantzarik ez da, lan asko egindakoak direla gaur protagonista ditugun hiru txirrindulariak; horren emaitza da, besteren artean, Frantziako Tourra bezalako lasterketa batean partaide izatea. Etxeko txirrindulariak «mimoz» jarraitzen ari da Telleria Tourrean, beti bezala; «pelotoian ibiltzeko daukaten moduagatik ere begia horra joaten zait», aitortu du. Cofidisekin ari dira Izagirre eta Aranburu eta Pinarello Q36.5 Pro Cycling Team-ekin Azparren.
Tourrean egiten ari diren lanari buruz galdetuta, taldearentzako egiten ari diren lanean «ondo» ikusten dituela dio Telleriak. «Lehenengo eta behin onartu behar dena da ez direla Tourra irabaztera doazen txirrindulariak. Nik pentsatzen dut bai Ion eta bai Alex etaparen bat irabazteko borroka horretan egon daitezkeela, ez da erraza, baina gaitasuna eduki badute». Azparrenen kasuan, «ihesaldiren batean edo beste sartzen saiatu da, baina batez ere Tom Pidcock liderrarentzat ari da lanean». Izagirrerentzat hau izango da, printzipioz, bere azkeneko Tourra, denboraldia amaitzean txirrindularitza profesionala utziko duela iragarri baitzuen apirilean. Besteek jarraitzea espero du Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkarteko lehendakariak.
Geroko txirrindulariak
Gipuzkoan, kopuruz txirrindulari gehien dituen elkartea da Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkartea Telleriak azaldu duenez; 77 bat neska-mutil guztira. Txirrindu eskolan 52 dira, hiru mailatan banatuta: benjamin, hasiberri eta haurren mailetan. Kadeteetan 10 txirrindulari dabiltza eta gazteen mailan beste 15. Gaur gaurkoz, ez dute afizionatuen mailako talderik elkartean.
Guztiarekin, bertako txirrindularitzaren etorkizunak kezkatzen du Telleria, «euskal txirrindularitza izan denarekin aurten Tourrean hiru txirrindulari euskaldun bakarrik egotea esanguratsua da», dio. Bitartean, zaletu goierritarrek badute Tourrarekin gozatzen jarraitzeko motiborik, amaitu bitartean.

Xabier Mikel Azparren, erdian, Goierriko taldearekin Gipuzkoako txapeldun izan zenekoa. HITZA












