«Entrenatzen duzun bideetan lehiatzeak gehiago motibatzen zaitu»
Hilabetez Andorran entrenatzen aritu da Euskaltel-Euskadi taldeko Xabier Berasategi Garmendia (Olaberria, 2000). Ordiziako Klasikoa lehiatzera etorriko da, hirugarren aldiz.
Xabier Berasategi Olaberriko txirrindularia. Hitza Zer moduz Andorrako entrenamenduak?
Hilabete batez lasterketarik izan ez dugunez altueran entrenatzeko aprobetxatu dugu. Baina orain lasterketetan enfokatuko gara. Ordiziakoaren ondoren Getxo eta Donostia etorriko dira, etxeko lasterketak.
Olaberrikoa izanda zer da zuretzat Ordiziako Klasikoan parte hartzea?
Etxeko lasterketa da, gertuen daukadana. Egunero entrenatzen dudan bideetan lehiatzeak motibazio puntu bat gehiago ematen dit. Nire ustez urteko lasterketarik politena izango da ilusio gehien egiten didalako. Ordiziako Klasikoan bi aldiz atera naiz. Aurreko urtean ere izatekoa nintzen baina erorketa baten ondorioz, azkenean, ezin izan nuen. Aurtengoa hirugarren aldia izango da.
Aurreko aldietatik zer gogoratzen duzu?
Lasterketa asko gustatzen zait. Atera naizen aldietan aurreneko postuak borrokatzen diren taldean iritsi naiz. Lehenengoan 10. eta bigarrengoan 20 inguruko postuetan egin nuen.
Nolako sentsazioak dituzu lasterketaren aurretik?
Printzipioz sentsazio onekin nago. Hilabete bat Andorran altueran entrenatzen aritu gara, baina halakoetan lasterketara zalantzen batekin iristen zara. Izan ere, lasterketan nola sentituko zaren ez dakizulako. Entrenatzen ondo ibil zaitezke, baina gero lasterketa beste gauza bat da.
Azkena Espainiako Txapelketa izan zenuen Sabiñanigon, aurretik, beste batzuen artean Txinan ere egon zara.
Sabiñanigokoa (Huesca, Espainia) oso gogorra izan zen, espero baino gehiago. Sentsazioak ez nituen horren txarrak izan, baina emaitzek ez ziguten lagundu. Bestalde, Txinan beste mota bateko lasterketak izaten dira, maila ez da horren altua. Hala ere, azken urteetan lehiakortasuna handitzen ari da leku ezberdinetako talde asko joaten baita hara lehiatzera. Ongi etortzen zaizkit emaitza onak lortu baititut.












