Zahartzaro aktiboa bultzatzeko gela bat egokitu dute Antzizarren
Neurobai zahartze aktiboa sustatzen duen estimulazio sentsorial eta kognitiboan oinarritutako terapia ez-farmakologiko bidezko metodo berria da.
Giharrak lantzeaz gain, garuna ere landu daiteke gaurtik aurrera Antzizar kiroldegian. Neurobai proiektuaren baitan, gela senso-kognitibo bat prestatu dute adinekoek eta buruko gaitzak dituztenek garuna trebatu eta zahartzaroa eta gaixotasunak, ahal den neurrian, atzeratu eta ekiditeko.
Gela txikia da, epela. Ohe bat du, erlaxatzeko. Zentzumenak trebatzeko kolore, usain eta soinu desberdinak ditu. “Erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera aldatu egiten dira koloreak, usainak, soinuak…”, aipatu du Jokin Garrues Andromeda Projects enpresako arduradunak. Adituek erabiltzaileen balorazio bat egingo dute bere egoera kognitiboa zein den ebazteko, eta horren arabera gelaren ekosistema eta egin beharreko ariketak moldatu egiten dira. “zailtasun desberdineko 24 ariketa daude burua trebatzeko. Garrantzitsua da erabiltzailea ez frustratzea”. Adituek erabiltzaileen jarraipen zehatza egingo dute ea aurrerapausorik egingo duten. Helburua, terapia ez farmakologikoaren bidez, zahartzaroan sintomak ekiditea dira.
Udalaren babesa du proiektuak, Aldasorok azpimarratu du programa hau adineko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko aurretik egindako egitasmoen jarraipena dela. «Neurobai metodo berri hau duela urte batzuetatik abian jarritako Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu programei gehitzen zaie. Arduradun publikoek eta gizarteak, oro har, aurre egin beharreko erronka nagusia biztanleriaren zahartze progresiboari aurre egitea da, adinekoen mendekotasun egoera aurreikusteko. Mendekotasun hori eta horrek osasun- eta gizarte- kostuetan dituen ondorioak atzeratzea edo murriztea biztanleria osoaren kalitatea hobetzeko inbertsio bat da».