Daudenak gustura, ez daudenak kezkatuta
Joan zen asteko martxa bertsua izan zen atzo ere Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, berogailu eta guzti dagoen kezka giroa goxatzen lagun.
Berritasun handirik gabe atzokoa, saltzaile-ekoizle berak, produktu berririk ez. Negutegiko ilarrak segitzen du produktu izar izaten, Arizmendik (Arama) eta Montesek (Ibarra) dituzte. Mota ezberdinekoak izanik, 8 eta 12 euroan kiloa.
Gertuko eta asteazkeneroko hamar ekoizleen postuak finkatzeko banan-banan deituak izan ziren azokako saltzaileak. Udaletxean elkartutako batzordearen erabakiak jakinaraziz, D’elikatuzeko Leire Arandiak eta Gema Lopezek hitz egin zuten denekin. Zorrotzak dira bete beharreko neurriak salmenta gauzatu ahal izateko eta denentzat ez da tokirik, produktu galkorrak dituzten ekoizleak lehenetsi dituzte. Beste batzuek, beraien erabakiz ez dira etortzen, nahiago dutelako etxean gelditu ondoan dutena arrisku taldekoa delako edota «pertsona helduekin bizi naiz eta ez dut kutsatzeko arriskurik hartu nahi», Itziar Etxeberriak esate baterako. Beste kezka bat ere azaleratu du Itziarrek «ea honek balio duen herriak dendarik gabe ze triste gelditzen diren ikusteko, kalean ezta bizirik. Denda txikietan erosteko ohiturari eustea gure esku dago, herritarren esku».
Hamar saltzaile ekoizle horietatik kanpo gelditzen denetako bat da Lasatarren postua. Mikel bera da Gipuzkoako saltzaile ibiltarien elkarteko buru eta sektorean kezka handia dela zioen. Bi gai azpimarratu ditu: «Merkatuekiko adostasuna eskatuko genuke, herri bakoitzak jokaera ezberdina hartu du eta ezinegona handia da». Haiek joaten direneko azokei dagokionez, «batzuek ia normal jarraitzen dute. Jateko denak saldu daitezke Hernanin esate baterako eta beste puntan Tolosa, bertan behera dena utziz. Ordiziak erdi bideko aterabidea du martxan». Garbi du «gu bezalako txikientzako ez da inongo laguntzarik izango eta gu geuk geure negozioari aterabideak bilatu beharrean gara».
Egoerak onera lehenbailehen egitea da denen nahia. Hala ere, balizko zailtasun erantsiei aurre hartu nahian, atzo Ordizian Gema Lopezek sarreran bezero guztiei hauxe galdetzen zien: «Azoka egingo ez balitz, prest egongo zinateke eskaera telefonoz edo telematikoki egiteko?». Erantzunen arabera aterabideak aurkitu asmoz beharrezkoa gertatuko balitz. Aitzindari jokatzen ari da Ordizia azokaren aldeko apustuan buru belarri sartuta, 500 urtetik gorako ibilbidean holako aurrekaririk ezagutu ez duen azokaren alde.
Larunbatean azoka egingo dute Zumarragan
Aurreko ostiralean erabaki zuten bezala, larunbatean ere baserritarren azoka egingo dute Zumarragan, 10:00etatik 13:00etara. Postuak itxitako gunean jarriko dituzte «segurtasun neurriak bermatzeko». Aurretik, desinfekzio lanak egingo dituzte. 65 urte edoarrisku bereziko taldeetan dauden pertsonak ezingo dute saltzera edo erostera joan. Saltzaileek eskularruak erabiliko dituzte derrigorrez eta erosketa bakoitzean eskuak desinfektatuko dituzte.