Loreak negutegian hilez, zuri-beltzeko udaberrian
Etxeetako leiho eta balkoiak, etxaurreak, kaleak eta lorategiak apaindu behar zituzten loreak negutegietan daude. Eta bertan ihartuko direla uste dute arduradunek. Kezkati agertu dira bueltaz eta biziraupenaz.
Kukuak jo zuen, natura hostoberritu da eta hegaztiak ari dira udako lekuetara migratzen. Natura bere martxan da, inoiz baino lasaiago ziurrenik, ohiko kalte eragileen esku-sartzea leunduta. Baina 2020koa gizakientzat ez da udaberri arrunta. Lorategi, leiho eta balkoietako lorontzi, zelai publiko eta kaleetako parterreak sekula baino hutsago eta hitsago daude, koloregabe. Landare mintegientzat abuztua behar zukeena ilbeltz bihurtu da, zuri-beltzeko negu.
Goierriko lorategi eta hazleak kezkati daude, beste sektore asko bezala. Ferietan eta azoka berezietan esku bete lan izan behar zutenean, mintegietan atera ezinik dauzkaten landareak zaintzen ari dira. Oso ondo zertarako ari diren jakin gabe.
Aramako Urretabizkaia Lorategiak geldituta dauka hazkuntza guztia. «Ama eta izeba koronabirusaren gaitzak eragin diezaieketen osasun multzokoak dira, ixtea erabaki genuen dena. Moztuta daukagu dena, bai azoketako salmenta, bai bertako haztegia», esan du Haritz Urretabizkaiak.
Mintegian 25.000 landare
Zaldibiako negutegian lanean jarraitzen dute Azantza Mintegikoek. «Orain aldaketara mugatzen da gure lana. Ferietara ez gara joaten ari. Gu ibiltzen garen ohikoetan Ordiziakoa bakarrik egiten da, eta nola ez den jateko produktua gurea, ez gara joan», azaldu du Iñaki Azantzak.
Oraingoz landare mintegia mantentzen ari dira. «25.000 landare dauzkagu negutegian. Mantentzen ari gara, baina ziurrenik dena edo ia dena xehegailura joango da. Epe motzera, ezinezkoa da horiek denak ateratzea. Udalentzat ere aritzen gara lanean, baina ez dakigu eskariak mantenduko dituzten ala ez. Ez dakigu ezer. Ziurra den bakarra da fakturak eta kobrantzak iristen ari direla, eta diru-sarrerarik ez daukagula».
Gabiriako Altzibar Lorazaintza, adibidez, eskariak on-line eta telefonoz jasotzen hasi da. Webgunean jarri du aukera osoa, eta han ikusitakoa Internet bidez edo deituta eskatu, eta inguruko bezeroei etxera eramateko aukera eskaini die.
Hilabeteko epea
Telefono bidezko salmenta ez du bideragarri ikusten Azantzak, nahiz eta «baten batek» lore batzuk erosteko interesez hots egin dien. «Banaketaren kontua dago gero. Negutegira ureztatzera joateko ere egundoko esplikazioak eman beharra dago, beraz etxeetara landareak eramaten hasteko moduan».
Produktu galgarria da erabat mintegiena. «Orain puntuan dagoen landareak denbora-tarte bat badu: hilabete edo hilabete eta erdi. Baina arazoa da egoera bukatu ostean salmenta posibleak egongo diren. Ez da oporretatik iristea bezala izango».
Lotuta, itxaroan eta kezkati daude mintegiak. «Itsasora erori ekaitzaren erdian, eta bere menpe bageunde bezala da», alderatu du Azantzak. «Lehen sektorea eta Goierriko komertzio txikia lehen delikatu baldin bazegoen, hau amaiera eman izan liteke».